Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eskualdean sortzen den hondakin kopuru kezkagarriaren inguruan sentsibilizatzeko kanpaina abiarazi du Mankomunitateak

2021/11/22

Helburua da gizakiok sortzen dugun hondakin kopuruaren inguruko hausnarketa sustatzea eta hondakin gutxiago sortzeko bideak hedatzea.

Debabarrenako Mankomunitateak Hondakinen Prebentziorako Europako Astearen baitan sortu duen sentsibilizazio kanpaina aurkeztu du gaur astelehena, hilak 22. Azaroaren 20tik 28ra ospatzen da aurten, eta helburu du gizakiok sortzen dugun hondakin kopuruaren inguruko hausnarketa sustatzea eta hondakin gutxiago sortzeko bideak hedatzea.

Informazioa gizarteratzea, hondakin gutxiago sortzeko bideak zabaltzeko

Datuak eta informazioa zabaltzeko eskuorriak sortu dira, eta norberak hondakin gutxiago sortzeko egin ditzakeen 7 ekintza bildu dira bertan, sortutako hondakin kopurua gutxitzeko bideak hedatzeko eta informazioa gizarteratzeko. Horretarako, baita ere, ingurumen hezitzaileak egongo dira aste osoan zehar eskualdeko herrietako edukiontzi puntu ezberdinetan herritarrei informazioa emateko eta hondakin gutxiago sortzeko moduak azaltzeko.

Azaroaren 24an, asteazkena, Eibarko Urkizuko edukiontzietan egongo dira goizean, eta Untzaga ondoan arratsaldean.

Herriko plazak zaborrez beteta, sortzen den hondakin kopuruaren inguruko hausnarketa sustatzeko

Urte batean eskualdean sortzen den hondakin kopuruarekin, 31.193 tona, Debabarrenako herrietako plazak bi aldiz zaborrez bete ahalko lirateke. Ideia hori du ardatz Mankomunitateak abiarazi duen kanpainak. Eskualdea osatzen duten 8 herrietako plazak zaborrez bete ditu argazki errealistetan, hausnarketa eragiteko irudi esanguratsuen bidez eta mezu jakin bat helarazteko herritar guztiei: “zenbat hondakin sortu dituzu aste honetan?”. Mezuaren helburua da gogoeta sustatzea, eta pentsaraztea. Argazki guztiekin eta datu esanguratsuekin bideo bat ere osatu da sareetan zabaltzeko.