Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra izan da

Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra izan da

Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra.

2018/06/07

Eibarko 9 ikastetxetako 80 ikasle-ordezkari inguru batu dira bertan eta ikasleek urtean zehar egindako lanaren ondorioak eta egoera hobetzeko proposamenak egin dituzte. Aurtengo ikasturtean, “Ura eta Deba ibaia” landu dute Eibarko ikasleek, Eskolako Agenda 21 programaren baitan.

Eskolako Agenda 21eko udalbatzarra egin da gaur goizean Eibarko Udaletxean. Eibarko 9 ikastetxetako 80 ikasle-ordezkari inguru batu dira bertan: Amaña, Arrate Andra Mari, J.A Mogel, San Andres, Urkizu, La Salle Isasi, La Salle Azitain, Itzio, Uni Eibar-Ermua eta Mogel Isasi.

Aurtengo ikasturtean ura eta Deba ibaia landu dute ikasleek Eskolako Agenda 21 programaren baitan. Egitasmo hau aurrera eramateko, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen du eta ikastetxeek Eibarko Udalaren, Ingurugelaren eta Debegesa Garapen Agentziaren laguntza dute.

Urtean zehar, uraren gaia lantzeko hainbat ekintza burutu dituzte ikastetxeetan. Besteak beste, ikastetxeetako ur kontsumoa murrizteko ekintzak bideratu dituzte eta uraren kalitatea neurtu dute, eta nola ez, Eibarko uraren zikloa aztertu dute.

Behin egoeraren diagnostikoa eginda, ikasleek Udalbatzarrean aurkeztu dituzte ateratako ondorioak, baita euren eskaera eta proposamenak ere, herri jasangarri bat eraikitze aldera. Halaber, aurten ikasleek hainbat konpromiso hartu dituzte Eibarko egoera hobetzeko asmoz.

Ikasleek Udalari egindako ekarpenetatik azpimarragarrienak hauek izan dira:

  • Ego ibaiak Egogain Pasealekuan izaten dituen usain txarrak saihestea eta saneamenduko falta diren zatiak bukatzea.
  • Herriko iturriak ura aurrezteko egokitu
  • Eraikin publikoetako txorrotetan erreduktoreak edota difusoreak ezarri uraren kontsumoa murrizteko
  • Plastikozko ur botilen kontsumoa jaisteko udalak kantinplorak edo beirazko botilak banatzea
  • ..…

Udal ordezkariek ikasleen proposamenak adi entzun eta erantzun dituzte eta eskerrak eman dizkie Eibarko ikastetxeei Eskolako Agenda 21ean egindako lanarengatik.

Eskolako Agenda 21 Debabarrenean

Udaletxeekin elkarlanean, 16 urte daramatza Debegesak, Debabarreneko Garapen Agentziak, eskualdean Eskolako Agenda 21 egitasmoa sustatzen eta koordinatzen. Eskola-komunitateari zuzendutako garapen jasangarrirako heziketa programa bat da Eskolako Agenda 21. Egitasmoak hiru helburu ditu: ikastetxeak ingurumen eta gizarte jardunbide egokien eredu bihurtzea; ingurumen eta gizarte-arazoak identifikatzeko eta horiei konponbidea emateko gai diren ikasleak heztea, partaidetza eta ingurumenarekiko errespetua sustatzen duen hezkuntza bermatzea.

Guztira, 28 ikastetxe eta 8.000 ikasle baino gehiago ari dira parte hartzen Debabarrenean Eskolako Agenda 21 programan. Programaren baitan, hezkuntza komunitate osoari zuzendutako ekintzak antolatzen dira, ikasle, irakasle eta familiei.