Eskolako Agenda 2030 programan parte hartu duten Eibarko zazpi ikastetxek “Ez dira soberakinak, janaria da!” kanpaina jarri dute martxan, elikagaiak alferrik galtzearen gaineko sentsibilizazioa lantze aldera
Ekimenaren barruan auzoetako informazio-guneak egongo dira, hitzaldiak adinekoen zentroetan eta Rexcatering proiektuaren zabalkundea.
2030eko Eskola Agendaren markoan eta Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsuari buruzko Garapen Jasangarrirako Helburuaren (GJH) ildotik, Eibarko ikastetxeek indarrak batu dituzte elikagaien xahuketari aurre egiteko, “Ez dira soberakinak, janaria da!” kanpainarekin. Ekimenak Eibarko Udaleko Ingurumen Sailaren eta Debegesaren (Debabarreneko Garapen Agentzia) babesa du.
Apirilaren 20tik 30era bitartean egingo den kanpaina zazpi ikastetxek elkarrekin egindako lanaren emaitza da: Urkizu Eskola, San Andres ikastetxea, La Salle Isasi, Amaña Herri Eskola, Arrateko Andra Mari Ikastetxea, J.A. Mogel Ikastola eta La Salle Azitain.
Ikasleek rol aktiboa hartu dute komunikazio-euskarriak diseinatzeko orduan, hala nola kartelak, liburuxkak eta aurkezpen digitalak. Material horiek, elikagaiak alferrik galtzeak dakarren arazoa azaltzeaz gain, jarraibide praktikoak eskaintzen dituzte, eta soberakinak berreskuratzera bideratuta dagoen Rexcatering proiektua ezagutzera ematen dute.
Ekimen honen oinarri diren datuak kezkagarriak dira: Euskadin urtean 244.362 tona janari galtzen dira alferrik (batez beste, 111 kg pertsonako). Datuen arabera, hezkuntza alorrean, eskolako menuen %10 alferrik galtzen da egunero.
Kanpainaren ardatz nagusi gisa, etxeetan zaborrak duen ingurumen- eta gizarte-inpaktua murrizteko gomendio batzuk prestatu dituzte ikasleek:
- Asteko menua pentsatzea erosketa egin aurretik.
- Kozinatzeko orduan erabilitako janari-kantitatea zaintzea.
- Platera gehiegi ez betetzea; ondoren berriz zerbitzatzea hobe.
- Aprobetxatu beharreko janaria baldintza egokietan gordetzea hozkailuan edo izozkailuan.
- Soberakinak beste errezeta batzuk egiteko aprobetxatzea.
- Olioa berrerabili eta birziklatzea, harraskatik bota gabe.
“Ikasleak herritarrengana hurbiltzera bideratutako hainbat ekintza egingo dira, hala nola kalera irten gaiari buruzko informazioa ematera eta sentsibilizatzera, horretarako diseinatutako liburuxkak erabiliz; kartelak banatuko dira zenbait establezimendutan, eta eraikin publikoetan jarriko dira; hitzaldiak emango dira 4 zentro sozialetan, eta ikasleentzako bisitak antolatuko dira Rexcatering proiektua aurrera eramaten duten ikastetxeen artean”, azaldu du Eva Juez Garmendia Ingurumen zinegotziak.
Horrela, apirilaren 20, 22, 23, 29 eta 30ean, 9:30etik 12:00etara, gutxi gorabehera, ikastetxeetako ikasleek beren ikastetxearen inguruan kokatutako informazio-gunean parte hartuko dute. Hala, apirilaren 20an, Amañako Ikastetxeak Tiburtzio Anitua 5eko haur parkearen ondoan kokatuko den gunean hasiko du kanpaina. Apirilaren 22an, La Salle Isasi Ikastetxearen txanda izango da, Untzaga plazan (harmailen aldean), Zentro Sozialaren ondoan, eta egun horretan bertan, Urkizu Ikastetxea Urkizuko parkean jarriko den gunean egongo da. Apirilaren 23an, J.A.Mogel Ikastola Errebal plazaren inguruan egongo da. Hilaren 29an, Arrateko Andra Mari Ikastetxea, Urki 16an (arkupeetan, eskailera mekanikoen ondoan) dagoen Rexcatering vending makinatik hurbil dagoen informazio puntuan. Azkenik, apirilaren 30ean, San Andres Ikastetxea, ikastetxearen ondoan dagoen informazio-puntuan (Bidebarrieta, 34; han, jardunbide egokiak azaltzen dituzten liburuxkak banatzeaz gain, olioa birziklatzeko inbutuak banatuko dira. Euria eginez gero, kanpaina ibiltaria izango da, eta ikasleek auzoetako kaleak zeharkatuko dituzte, edota informazio-puntuak gertuen dauden arkupeetara eramango dira.
Jubilatuen etxeetako hitzaldiei dagokienez, egun hauetarako daude aurreikusita:
- Apirilaren 15ean, goizeko 10:30ean, Ipuruako Zentro Sozialean.
- Apirilaren 15ean, 11:30ean, Torrekuako Zentro Sozialean.
- Apirilaren 20an, 11:00etan, Urki Zentro Sozialean.
- Apirilaren 23an, 11:00etan, Beheko Tokia Zentro Sozialean.
Azkenik, programatutako jardueren artean, ikastetxeek bi irrati-elkarrizketatan hartu dute parte, kanpainaren helburuetan sakontzeko.
Kanpaina honek berretsi egiten du Eibarko hezkuntza-komunitateak jasangarritasunarekin eta baliabide globalekiko herritar arduratsuak prestatzearekin duen konpromisoa. Gainera, NBEren 2030 Agendako GJH 12 «Ekoizpen eta Kontsumo Arduratsuak» Garapen Jasangarrirako Helburua lortzen laguntzen du batez ere, eta 2023ko urtarrilaren 30ean onartutako Eibarko 2022-2030 Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren (KEJEP) lerro estrategikoetako baten barruan dago.
Udalak, eta bereziki Ingurumen Sailak, eskerrak eman nahi dizkie ikasleei, irakasleei eta, oro har, hezkuntza-komunitateari, honelako proiektu garrantzitsuetan parte hartzeagatik: “Eskerrak eman nahi dizkiegu egiten duten ahalegin eta lanagatik. Nabarmentzekoa iruditzen zaigu ikasleen lehentasunetako bat izatea ingurumena zaintzea eta mantentzea”. Hitz horiek erabili ditu Eva Juezek ikastetxeen laguntza eskertzeko.