Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eskola-ortuak Urkizu eta San Andres ikastetxeetan

2018/01/19

Hilabete honetan, Urkizu ikastetxeko terraza eta San Andres ikastetxeko berdegune bat prestatzen ari dira eskola-ortuak jartzeko. Udalak Eskola Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten ikastetxeekin batera lan egin du.

Eibarko Udala, Ingurumen sailaren bidez, eskola-ortuak bultzatzen ari da, Eskola Agenda 21 egitasmoan parte hartu duten ikastetxeetan.

Hala, hil honen hasieran, Urkizuko ikastetxeko terrazaren gune bat prestatu zen; bertan, lau frutarbola eta landare aromatikoak jarri dira lorontzietan; eta bi bankada, ortua jartzeko. Halaber, obrak egiten ari dira San Andres ikastetxeko berdegune bat egokitzeko, xede eta ezaugarri berberekin. Bi proiektuek gutxi gorabehera 21.000 euroko kostua izan dute.

Behin obrak amaitutakoan, eta Udaleko Ingurumen Sailarekin adostutako konpromisoei jarraituz, ikastetxeak arduratuko dira beren ortuetan egokien deritzen produktuak landatzeaz eta baita haien mantentze eta kudeaketaz ere; betiere nekazaritza ekologikoaren printzipioei jarraituz.

Jon Iraola Ingurumen arloko zinegotziak hauxe dio:  "Ekimen honen helburua da Eskola Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleei aukera bat ematea ingurumenarekin lotutako gaiak lantzeko, zehazki nekazaritza ekologikoa, eta hori guztia praktikan jartzea, ikastetxeko ohiko jardueren barruan txertatzea, alegia".

Horren harira, Eibarko Udala  kontziente da zer garrantzia duen ingurumen-heziketak ikastetxeetan eta zer garrantzitsua den heziketa hori lehenbailehen hastea, ikasleek bizi garen ingurunearekin eta, oro har, ingurumenarekin errespetuz jokatzeko printzipio eta balioak eskura ditzaten.

“Horrek lagunduko digu gizarte kontzientziatu baten oinarrik jartzen; jabetu gaitezen ingurumena zaintzea eta mantentzea guztiz beharrezkoa dela, denon zeregina dela, non pertsona bakoitzak bere hondar-aldea jarri behar duen. Ezinbestekoa da ikasleekin lan egitea ingurunearen kontserbazioarekin eta hobekuntzarekin eta baliabideen erabilera jasangarriarekin konprometitutako jarrerak eta balioak landuta”, dio Iraola zinegotziak.

Horregatik guztiagatik, Eibarko Ingurumen Sailak halako ekimenak bultzatzeari funtsezko deritzo, eta bere esku dagoen guztia egingo du herriko gainerako ikastetxe guztietan zabaltzeko.