Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Ertzaintzak eta Udaltzaingoak asteburuetan ordena publikoa bermatzeko martxan jarriko duten planaren berri eman die alkateak bozeramaileei

 Erretako edukiontzi baten irudia Bidebarrieta kalean.

Erretako edukiontzi baten irudia Bidebarrieta kalean.

2021/05/13

Atzo arratsaldean egin zen Bozeramale Batzordean bi polizia-kidegoek, modu bateratu eta koordinatuan, hartuko dituzten neurrien berri eman zuen Iraolak. Frogak jasotzen eta ikerketa egiten ari dira larunbat gauan edukiontziak erre zituztenak nor izan ziren argitzeko; bestalde, asteburuari begira, Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren patruilak gehituko dira, kalean jende-pilaketak eta alkohola edatea saihesteko.

Jon Iraola Eibarko alkateak atzo arratsaldean egin zen bilera batera deitu zituen udal bozeramaileak. Bilera horretan, Ertzaintzako eta Eibarko Udaltzaingoko zuzendaritzak atzo goizean egindako bileran helarazi zizkioten gaien berri eman zien, joan den asteburuari buruzkoak eta etxeratze-agindua eta alarma-egoera amaitu ondoren sor daitezkeen egoera berrien ingurukoak.

Lehenik, Iraolak jakinarazi zuen Ertzaintza frogak jasotzen ari dela larunbat goizaldean gertatutako 11 edukiontziren erreketarekin lotutakoak, eta ikerketak martxan daudela. Alkateari jakinarazi ziotenez, gertaerak talde antolatu batek prestatu eta egindakoak dira.  

Bestetik, joan den asteburuan herriko hainbat tokitan izan ziren botiloi eta jende-pilaketak direla eta, Ertzaintzak azpimarratu du herri gehienetan antzekoak gertatzen direla eta zaila dela foko guztiak kontrolatzea.  

Hala ere, eta nahiz eta pilaketak ez diren izan oso larriak edo jende askokoak, asteburuetan bai Ertzaintzak bai Udaltzaingoak indartu egin behar dituzte beren patruilak jende-pilaketak gerta daitezkeen puntuetan, jendeari alkohola edatea eragozteko.

Azkenik, Bozeramale Batzordeak, alkateak hala proposatuta, erabaki du adierazpen instituzional bat egitea herritarren erantzukizuna aldarrikatzeko eta alarma-egoera amaitu arren indarrean dauden neurriak betetzearen garrantzia gogorarazteko.