Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Errebaleko espaloia, Ibarkurutze eta Coliseoaren artean, hiru metroraino zabalduko da

Errebaleko espaloia, Ibarkurutze eta Coliseoaren artean, hiru metroraino zabalduko da

Errebal.

2018/11/19

Lan honekin, merkataritzaren baldintzak hobetu egingo dira eta erdigunean oinezkoak errazago ibiliko dira. Obraren aurrekontua 60.000 (BEZa barne) eurokoa da eta lanak abenduan eta urtarrilean hasiko dira.

Errebal kaleko (Ibarkurutze eta Coliseoko izkinaren artean) 15 eta 23 zenbaki bitarteko espaloi-zatia hiru metroraino zabalduko da. Obra batzordeak aurreko astean eman zuen proiektu honen berri; aurrekontua 60.484 eurokoa (BEZa barne) da eta datozen egunotan irtengo da lizitaziora. Obra honekin han dagoen merkataritza-jarduna garatzeko baldintzak hobetu egingo dira eta, aldi berean, oinezkoen fluxua erraztuko da Errebal kalean, Estaziño kalea eta erdigunea lotzen ditu eta.

Espaloi-zati horrek 72,50 m-ko luzera du eta 1,95 metrotik 2,05 metrora  zabalera; “belarri” bat egingo da atari bikoitietan, 15 eta 22 zenbakien parean, dagoen zebra-bidean bisibilitatea hobetzeko. Ondorioz, murriztu egingo da galtzadaren zabalera eta beste espaloian aparkalekuak mantenduko dira, zenbaki bakoitietan.

Egitasmoan, halaber, pintatu egingo dira oinezkoen pasabideak, bai eta aparkatzeko gune berria ere; oraingo hustubideak kendu eta berriak jarriko dira areka berrian; horretarako beharrezkoa izango da euri-uren sarea aldatzea eta konektatzea. Espaloi berrian hormigoizko baldosa prefabrikatuak jarriko dira.

Prozesuan zehar, oinezkoen trafikoari eragingo zaio, beharrezkoa izango baita oinezkoentzako pasabide alternatibo bat sortzea, behar bezala hesitua eta seinalizatua. Trafikoari dagokionez, abisu-seinaleak jarriko dira bai oinezkoentzat bai ibilgailuentzat. Lanek, proiektuaren arabera, zortzi aste iraungo dute; aurreikusita dago obrak abendu amaieran edo urtarrilaren hasieran hastea, eta 2019ko otsailaren amaieran bukatzea.

Obra hau 2018ko udal aurrekontuak onartzeko PSE-EE eta Eibarko EAJ-PNVren artean lortutako aurrekontu-akordioaren emaitza da.