Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Errebaleko bulegoak 116 eskaera jaso ditu gaur arte, aparkalekuetarako edo trastelekudun aparkalekuetarako

Errebaleko 16. zenbakian kokatutako bulegoa.

Errebaleko 16. zenbakian kokatutako bulegoa.

2021/03/18

Errebal Plaziaren -2 solairuak 101 aparkaleku ditu, horietako 26 traslekuarekin. Eskaerak egiteko epea zabalik egongo da datorren apirilaren 30era arte. Otsailaren 15ean hasi zen.

Errebaleko bulegoaren ateak zabaldu eta hilabetera 116 eskaera jaso dira, Errebal Plaziaren -2. solairuan kokatutako aparkaleku-plazak eta/edo trastelekudun aparkaleku-plazak administrazio-emakidaren araubidean, 50 urterako, eskuratzeko.

Epea amaitzen den unean (apirilaren 30ean), Udala eskaera guztiak aztertzen hasiko da, eta deialdian eskatzen diren baldintzak betetzen dituztela egiaztatuko du. Hori egin ondoren, behin betiko zerrendak osatu eta 101 aparkalekuen zozketa egingo du,  horietako 26 trastelekuarekin eta 3 mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokituak.

Garaje gehienen prezioa, salbuespenak salbuespen, 17.000 eurokoa da (12 metro karratuko garaje estandarraren prezioa), eta 3.500 eurotik gorakoa trastelekuetarako.

Jon Iraola Eibarko alkateak oso ondo baloratu du Errebal Plazako aparkaleku-plazak eskuratzeko herritarrek erakutsi duten interesa. “Orain arte jasotako 116 eskaerek argi eta garbi erakusten dute herritarrek interesa dutela aparkaleku-plazak eta trastelekuak eskuratzeko; eta epea apirilaren 30era arte irekita egongo da. Horri esker, zerbitzu garrantzitsua emango zaie inguru hartan bizi diren eibartarrei.”

Aparkaleku eta trasteleku hauen zozketan parte hartzeko, interesatuek —aldez aurretik izena emateaz gain— adjudikazio-prozesuaren oinarri arautzaileetan behar bezala zerrendatuta dauden baldintza batzuk bete behar dituzte, hots: pertsona fisikoa izatea, dagokion eremuko bizilekuan 2021eko urtarrilaren 1a baino lehen erroldatuta egotea, eta helbide fiskala Eibarren duen ibilgailu baten jabe izatea. (Enpresa-ibilgailuak izan ezik, horiek erregulazio berezia dute-eta)

Adjudikazio-oinarrietan jasota dagoen moduan, hiria hiru lehentasun-gunetan banatu da: A, B eta C.

Alkatearen hitzetan, “Udalak, Errebal Plaziaren inguruan dagoen biztanleria-dentsitatea eta aparkaleku-plazen kopurua orekatzen saiatuz, San Agustin zeharbidetik, oinez egiteko minutu biko distantzia motz bat hartu zuen irizpide-oinarri gisa. Horrek 175 metroko erradioa eman zuen. Eta erradio horrekin zirkunferentzia bat egin zen A guneko kaleak markatu zituena, eraikin honetatik hurbilen daudenak; B gunean, ondoko kaleak; eta, C gunean, gainerako kaleak."

Interesatuek, eskaera-orria betetzeaz gain, aurretik 100 euro ordaindu behar dituzte.

Gero, garaje plazen eta/edo trastelekudun garaje plazen adjudikaziodun  suertatzen direnek, zozketa egin ondoren (zozketa ekainean egingo da, ziur aski), gainerako zenbatekoa ordaindu beharko dute. Eta izena eman eta zozketan garajerik tokatu ez zaienei, aurretik utzi zituzten 100 euroak itzuliko zaizkie.

Errebaleko bulegoa

Joan den otsailaren 15ean udal bulego bat jarri zen martxan Errebal kaleko 16. zenbakian, erabilera anitzeko eta kultur ekipamendurako eraikin berrian dauden aparkalekuak eta trastelekuak zentralizatu, kudeatu eta merkaturatzeko.

Bulego honek jendea hartzeko ordutegi hau du: astelehenetik ostegunera, 10:00etatik 14:00etara eta 16:30etik 19:00etara; ostiraletan, 10:00etatik 14:00etara; eta larunbatetan, 10:00etatik 13:30era.

Arreta pertsonalizatua jasotzeko, hitzordua eskatu behar da 688869488 telefonora deituta edo mezu elektroniko bat bidalita: errebalbulegoa@eibar.eus.

Bulego honetan daude ikusgai garajeei eta trastelekuei buruzko plano, liburuxka eta era guztietako informazio-materiala. Dokumentazio hori eta baldintza teknikoen agiria Udalaren webgune honetan daude herritarren eskura.