Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Errebal Plazia' eraikinaren -1 solairuko aparkalekua zabalik

'Errebal Plazia' eraikinaren -1 solairuko aparkalekuaren irudia.

'Errebal Plazia' eraikinaren -1 solairuko aparkalekuaren irudia.

2021/09/30

Espazioa osatzen duten ehun plazak, lehen asteetan doan funtzionatuko dutenak, txandakakoak izango dira. OTAri buruzko ordenantza indarrean sartzen denean —asteleheneko udal bilkuran onartu zen—, herriko gainerako OTAguneek bezala funtzionatuko dute. Halaber, Udalak aparkalekuaren funtzionamendua eta okupazio maila aztertuko ditu hurrengo asteetan, gestioan aldaketak egin eta erabilera hobetzeko, esaterako, hileko bonuak martxan jarriz, egunez zein gauez, inguru horretako langileei eta auzotarrei aparkatzea errazteko.

Jon Iraola alkateak eta Alberto Albistegui Obretako zinegotziak, gaur goizean Eibarko udaletxean eman duten prentsaurrekoan iragarri dute ‘Errebal Plazia’ eraikineko -1 solairuko aparkalekua bihar (urriak 1) irekiko dela, 10:00etan.

Espazioak ehun bat aparkaleku-plaza ditu eta horiei esker murriztu egingo da gaur egun eremu publikoan aparkatzen duten ibilgailuen kopurua.

Jon Iraolak adierazi duenez, “behin aparkalekua irekita, Udalak haren funtzionamendua eta okupazioa aztertuko ditu datozen asteetan, gestioan aldaketak egiteko, azpiegituraren erabilera egonkor bat lortze aldera, eta, era berean, erabilera intentsibo bat eman, bide publikotik ahalik eta ibilgailu gehien kendu ahal izateko.”

Horren harira, Iraolak iragarri du “hasieran, aparkalekuak kaleko gune zuriak bezala funtzionatuko du, alegia, doan eta denbora-mugarik gabe. Neurri honekin azpiegitura erabiltzea sustatu nahi da; herritarrak aparkalekua ezagutzen eta ohitzen joatea eta, era berean, inguruaren dinamizazioa bultzatzea. Asteleheneko udal bilkuran onartutako OTAri buruzko Ordenantza indarrean sartzen denean, aparkalekuak herriko gainerako gune urdinek bezala funtzionatuko du, hau da, doako aparkaleku txandakakoa izango da, eta gehienez ere bi orduko iraupena izango du.

Denbora batez, Udalak aparkalekuaren funtzionamendua eta okupazio maila aztertuko du gestioan aldaketak egin eta erabilera hobetzeko; esaterako, orduen araberako tarifak edo hileko bonuak martxan jarriko ditu, egunez zein gauez, inguru horretako langileei eta auzotarrei aparkatzea errazteko.

Horren harira, Jon Iraola alkateak esan du “aztertu egin behar direla aparkalekuak eskaintzen dizkigun aukera ezberdinak. Adibidez, orduen araberako tarifak edo hileko bonuak jartzea, eguneko zein gaueko ordutegietarako, Eibarrera lanera datozenentzat edo garajerik ez duten inguru horretako bizilagunentzat. Hileko kuota bat ordainduta, aukera izango lukete beren ibilgailuak dagokien denboran aparkatzeko. Asmoa da aparkalekuari ahalik eta etekin handiena ateratzea eta, ahal dela, erdigunean dauden arazoak arintzea.

-1 solairuaren irekiera, irailaren hasieran garajeen eta trastelekuen -2 solairua martxan jarri ondoren dator.

Bestetik, Alberto Albistegui Obretako zinegotziak prentsaurrekoan adierazi duenez, “-1 solairua martxan jartzea beste urrats bat da Errebal Plazia osatuko duten espazioen irekieran, izan ere, jarraian martxan jarriko da merkatu plaza, zeinaren azken saltokiak adjudikazio prozesuan dauden. Obra amaituta dago, eta  bakarrik falta da ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzeko tramitazioa amaitzea.

Era berean, ‘Errebal Plazia’ eraikineko (funtzio anitzeko plaza eta erabilera askotariko gelak) espazio soziokulturalak hasi dira poliki-poliki txertatzen herriaren bizitza sozialean eta kulturalean, Eibarren egiten diren kultur- eta aisialdi-ekitaldien egoitza berri bat eratuz.