Erosketa-bonuen kanpainaren arrakastaren ondoren, Eibar Merkataritza Gune Irekiak aldaketak egingo ditu datozen kanpainetan funtzionamendua hobetzeko

Nikeibarrenerostendot.eus web orriaren irudia.

Nikeibarrenerostendot.eus web orriaren irudia.

2020/05/22

Merkatariek eskerrak eman dizkiete herritarrei bonuen erosketa masiboaren bidez, aurreikuspen guztiak gainditu baitituzte.

Eibarko Merkataritza Gune Irekiak (EMGI) sustatutako erosketa-bonuen azken kanpainak arrakasta handia izan du, antolatzaileen aurreikuspen guztiak gainditu baitira. Antolatzaileek merkataritza-sektorearen esker ona adierazi dute, Covid-19tik eratorritako murrizketen ondorioz, une zail hauetan herritarrek sektoreari emandako laguntzagatik.

Alde horretatik, EMGIk onartu du kanpaina hori duela urte batzuetatik egiten ari bada ere, oraingo honetan, eta egungo egoeraren ondorioz, bonuak erosteko eta jasotzeko hainbat arazo izan zirela, eta antolatzaileek barkamena eskatu diete kaltetuak izan diren herritarrei.

Erosketa-bonuak jasotzeko egunean izandako arazo nagusia izan zen kanpainaren edizio honetan 65 urtetik gorako pertsonei eman zitzaiela lehentasuna, eta adineko pertsona horietako asko beren NANekin eta beste senide edo lagun batzuenarekin (horietako asko 65 urtetik beherakoak) joan zirela bonuak erostera. Adineko pertsona batek hogeita hamar NAN aurkeztu zituen bonuak erosteko.

Hori dela eta, adineko pertsonek lehentasuna zuten ordutegian (9.30-10.30) ezin izan zitzaien erantzun kolektibo horren eskaera guztiei, eta, ondorioz, 10:30etik aurrera, gainerako herritarrei irekita zegoenean, 65 urtetik gorakoen kolektiboaren eskaerei erantzuten jarraitu behar izan zen, eta gainerako herritarren arreta atzeratu egin zen. Egoera horrek ilara luzeak eragin zituen Eibarko Merkataritza Gune Irekiaren bulegoen inguruan. Pertsonen pilaketak izan ziren eta ez ziren pertsonen arteko segurtasun-tarteak gorde.

EMGIk kontuan hartu ditu sortutako arazoak, eta dagoeneko aztertzen ari dira datozen erosketa-bonuen kanpainen baldintzetan izan daitezkeen aldaketak, zerbitzua hobetzeko eta oraingoan sortu diren egoerak saihesteko. Aldaketa horien artean sartuko lirateke bonuen on-line salmenta indartzea edo bonuak erosteko pertsona bakoitzak aurkez ditzakeen NANen kopurua gehiago kontrolatzea.

Era berean, pandemiaren ondorioz bizi den egoeraz jabetzeko, ezarritako arauak errespetatzeko eta sentsibilizazio handiagoa izateko eskatu diete herritarrei, gertatu ziren pilaketak saihesteko.

etiketak: Eibar, erosketa-bonuak, EMGI