Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakumezkoen Eibarko Hiria V. Sari Nagusia jokatuko da maiatzaren 28an Eibarren

V. Eibarko Hiria Sari Nagusiaren aurkezpenaren irudia.

V. Eibarko Hiria Sari Nagusiaren aurkezpenaren irudia.

2023/05/18

112,3 kilometroko ibilbidea izango duen proba 10:00etan hasiko da eta zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, Eibarko Txirrindulari Klubaren webgunearen bitartez.

Eibarko Txirrindularitza Elkarteak antolatutako 'Emakumezkoen Eibarko Hiria V. Sari Nagusia' txirrindularitza lasterketaren aurkezpena egin da gaur goizean Eibarko Udaleko Osoko Bilkuren Aretoan.

Aurkezpen ekitaldian izan dira Jon Iraola Eibarko alkatea, Patricia Arrizabalaga Berdintasuneko zinegotzia, Gorka Iturriaga Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendaria, María José Telleria Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura, Lankidetza, Gazteria eta Kirol departamentuko diputatua, Ángel López Eibarko Txirrindulari Elkartearen presidentea, Pedro Horrillo lasterketaren zuzendaria eta Ainhoa Ostolaza Gipuzkoako Txirrindularitza Federazioaren ordezkaria.

Maiatzaren 28an, 10:00etan, egingo den probak 112,3 kilometroko ibilbidea izango du, eta hiru mendate izango ditu: Itziarko gaina (3. maila); Meagaseko gaina (3. maila); eta San Migueleko gaina (3. maila).

Aurreratu dutenez, 19 taldek hartuko dute parte guztira, eta horietako bakoitzak 6 korrikalari izango ditu.

Ibilbidea, zehazki, honako hau izango da: Eibar-Azitain-Maltzaga-Elgoibar-Mendaro-Deba-Itziar-Arrona-Zumaia-Oikina-Muniosoro-Meagas-Zarautz-Getaria-Zumaia-Arrona-Itziar-Deba-Mutriku-Ondarroa-Markina-Etxebaria-San Miguel-Elgoibar-Maltzaga-Eibar.

Jon Iraola Eibarko alkatearen hitzetan, "Emakumezkoen Eibarko Hiria Sari Nagusiak urteurren biribila beteko du aurten, bere lehen bosturtekoa, eta osasuntsu, are hasieran baino osasuntsuago, ospatuko du data hori. Proba honetan munduko emakume txirrindularirik onenak bilduko dira Eibarren, elitekoak, eta gure herria berriz ere kirol honen erreferente bihurtuko dute".

"Horregatik, lasterketa honetatik zera azpimarratu nahi dut: une honetako emakumezkoen txirrindularitzarik onena herritarrei gerturatzeko aukera", gaineratu du Iraolak.

Proba zuzenean jarraitu ahal izango da, streaming bidez, Eibarko Txirrindularitza Elkartearen webgunean.

Ikusi 'Emakumezkoen Eibarko Hiria V. Sari Nagusia'-ren aurkezpenaren bideoa probaren inguruko xehetasun guztiak ezagutzeko.