Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakumezkoen 'Eibarko Hiria Sari Nagusia' lehen aldiz egingo da, datorren igandean

Emakumezkoen 'Eibarko Hiria Sari Nagusia' lehen aldiz egingo da, datorren igandean

Udal ordezkariak, Gipuzkoako Foru Aldundikoak, SD Eibarkoak eta txirrindulari probakoak.

2018/03/15

Emakumezkoen kadeteak Untzagatik irtengo dira datorren igandean, martxoak 18, 09:00etan. Juniorrak, sub-23 kategoriakoak eta eliteko emakumezkoak, berriz, erdigunetik irtengo dira, 10:45ean. Hala, Eibarko Udalak emakumeak protagonistak diren kirol ekitaldiak sustatu eta finkatu nahi ditu, esparru horretan ere sexuen arteko berdintasuna lortu ahal izateko.

'Eibarko Hiria Sari Nagusia', emakume-txirrindulari lasterketa, lehen aldiz egingo da gurean, datorrean igandean, martxoak 18. Hilabete honetan Emakumeen Egunaren inguruan antolatu diren jardueren barruan kokatzen da igandeko lasterketa; Eibarko Txirrindulari Klubak antolatu du, Eibarko Udalaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, SD Eibar futbol taldearen eta AVIAren laguntzarekin. 

Eibarko Udalean Berdintasun zinegotzi den Patricia Arrizabalagaren  hitzetan, "lasterketa hori gure herrian jokatzea, duda barik, emakumeen alde udal sail guztietan urteetan egiten ari garen lanaren erakusgarri da, orain arte gizonenak jo izan diren esparruetan jardutea errazteko". Hori dela eta, adierazi du "eskuartean dugun gaia, berriki aurkeztutako Eibar Hiriko Kirolaren Plan Estrategikoa 2017-2027 urterako dokumentua kirolean emakumeen presentzia sendotzeko dugun borrokaren adibide garbi bat da. Dokumentuan garrantzi handia hartu du, Emakumearen Mahaiarekin eta herriko gizarte eragileekin batera Eibarko Udaleko Berdintasun sailak egindako lanak; Plana, beraz, nahitaezko abiapuntua da kirolean berdintasuna lortzeko bidean". 

Datorren igandean emakumea izango da protagonista eta, horretarako, bi txirrindulari proba izango dira kategoria ezberdinetako parte-hartzaileekin. Goizean goiz, 09:00etan hasita, emakumezkoen kadeteak abiatuko dira Untzagatik Maltzagaraino, eta, jarraian, Soraluze, Osintxu, eta Bergararaino joango dira. Handik, berriz ere bueltatuko dira Eibarrera eta, guztira, 33 kilometroko lasterketa egingo dute.

Bestalde, juniorrak, sub-23 kategoriakoak eta eliteko emakumezkoak ibilbide luze eta zailago bat egingo dute; herriko erdigunetik irtengo dira, 10:45ean. Proba horretan parte hartuko duten emakumezkoek honako ibilbidea egingo dute: Eibar-Maltzaga-Soraluze-Osintxu-Bergara-Osintxu-Soraluze-Maltzaga-Elgoibar-Mendaro-Deba-Mutriku-Ondarru-Berritxu-Markina-Etxebarri-San Miguel-Elgoibar-Maltzaga-Eibar. Guztira, 78 kilometro izango dira eta amaiera 13:00etarako dago aurreikusita, gutxi gorabehera.

Hilabete honetan ere, beste kirol proba bat egingo da Eibarren; izan ere,  martxoaren 25ean, Astelena pilotalekuak “Emakume Master Cup” torneoaren finala hartuko du, binaka, bigarren urtez jarraian. Hala, Eibarko Udalak emakumeak protagonistak diren kirol ekitaldiak sustatu eta finkatu nahi ditu, esparru horretan ere sexuen arteko berdintasuna lortu ahal izateko.

Probaren ibilbide osoa ikusteko SAKATU HEMEN.