Emakumeen Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eibarrek
Horretarako, Udalak Martxoaren 8aren inguruko adierazpen instituzionala onartu du.
Emakumeen Nazioarteko Eguna dela-eta, Eibarko Udalak Martxoaren 8aren inguruko honako adierazpena onartu du:
"Emakume gutxi daude ordezkatuta udal mailan erabakiak hartzeko guneetan, eta tokiko politikan sartzeko eta berdintasunezko parte-hartzerako arazo espezifikoei aurre egin behar izaten diete.
Erabakiak hartzeko guneetan emakume eta gizonen arteko parte-hartze orekatua edozein gizarte demokratikoren aurretiko baldintza da eta tokiko gobernuei honakoa eskatzen zaie: beharrezko neurriak eta estrategiak hartzea, emakume eta gizonen ordezkaritza eta parte-hartze orekatua sustatzeko erabakiak hartzen diren tokiko esparru guztietan.
Eusko Legebiltzarrak onartutako Emakume eta Gizonen arteko Berdintasunerako Legeak honakoa xedatzen du:
- Euskal herri-aginte guztiek, beren zuzendaritza-organoetako eta organo kolegiatuetako kide izateko pertsonak izendatzerakoan, izendatutakoen artean trebakuntza, gaitasun eta prestakuntza egokia duten emakumeen eta gizonen ordezkaritza orekatua izan dadila sustatu behar dute.
- Profesionalen, enpresaren, gizarte-ekonomiaren, sindikatuen, politikaren, kulturaren eta bestelako arloetako elkarte eta erakundeen zuzendaritzako organoetan emakume eta gizonen presentzia orekatua bermatzea.
- Zuzendaritzako organoetan emakumeen presentzia areagotzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea.
2015ean, alderdi politikoek %32,58an soilik aukeratu zituzten emakumeak hauteskunde-zerrendako zerrendaburu, eta, iraunkortasunari dagokionez, emakumeek abiadura motelagoan igo ohi dira mailaz, baita lidergoan denbora gutxiago iraun ere.
Euskadin gehiengoa duten sindikatuen artean, batean soilik dago emakume bat Idazkari Nagusi; era berean, Euskadin egoitza duten erakunde finantzarioetako batean ere ez dago emakumezko lehendakaririk, eta erabakitzeko organo garrantzitsuenetan %22,6 soilik dira emakumeak.
Bestalde, emakumeen elkarteek, oro har, aurrekontu eta eragin-gaitasun mugatua izan ohi dute udal politiketan.
Egoera horren jakitun, Eibarko Udalak onartzen ditu honako konpromiso hauek:
- Kontsultarako eta erabakiak hartzeko organoetan emakume eta gizonen ordezkaritza orekatua eta tokiko edozein organotarako izendapenak bermatzea.
- Bereizitako estatistikak eta erremintak garatzea tokiko esparruan emakumeen parte-hartzearen bilakaeraren jarraipena egiteko.
- Emakumeak hauteskunde zerrendetan hautagai izatera animatzea eta alderdi politikoek gizon eta emakumeen parte hartze orekatua errazten duten mekanismoak txerta ditzaten sustatzea.
- Parte-hartze sozio-politikoa eta bizitza pertsonal eta familiarra uztartzea ahalbidetzen duten neurriak hartzea.
- Jokabide edo lenguaia estereotipatuek zein beste edozein eratako jazarpenek hautetsiei eragin diezaietela ekiditea.
- Udalerriko emakumeen ahalduntzea eta parte-hartze soziopolitikoaren sustapena ahalbidetzen duten ekintza espezifikoak ezartzea.
- Genero ikuspegia sartzea Politikan eta udalerrian egindako herritarren partaidetzarako prozesuetan".
Martxoaren 8a, Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko asmoz antolatu den egitaraua kontsultatzeko SAKATU HEMEN.