Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Emakumeen Nazioarteko Egunaren inguruan antolatu diren ekintzak aste honetan hasiko dira

2016/03/02

"Emakumeak Kirolean" mahai-inguruarekin emango zaio hasiera aurtengo programazioari, hilaren 3an, osteguna, 19:00etan, Portalean. Emakumeen Egunerako, berriz, martxoaren 8an, "Martxa Lila", bazkaria eta kontzentrazioa antolatu dira.

Martxoaren 8an ospatuko den Emakumeen Nazioarteko eguna dela eta, Eibarko Udaleko Berdintasun arloak, Emakumeen Mahaiaren laguntzarekin ekintza ugari antolatu ditu hilabete honetarako. Hala, aurten antolatu den programa bihar, martxoak 3, jarriko da abian "Emakumeak Kirolean" mahai-inguruarekin, 19:00etan, Portaleako areto nagusian. Bertan, Ainhoa Azurmendi psikologoa eta kiroletako aholkularia eta errugbiko, eskubaloiko eta futboleko emakume taldekoak parte hartuko dute.

Ostiralean, berriz, Eibarko Antzerki Jardunaldien 39. edizioaren baitan, "Arte de las putas. Una historia de amor" antzezlana eskainiko da Coliseo Antzokian, 20:30etik aurrera, Carlos Martinen zuzendaritzapean. Egun bat beranduago, martxoaren 5ean, 17:00etan, emakumeei eta neskei zuzendutako "Errugbi Zinta" jarduera izango da unibertsitateko egoitzako polikiroldegian. Egun eta ordu berean "Ze nolako beharra emakumeena!" tailerra eskainiko da Armagintzaren Museoan. Izen-ematea Museoaren web orrian edota 943-708446 telefonora deituta egingo da. Asteburua ondo bukatzeko, igandean, martxoak 6, Lilatoia, "Eibarko emakumeak Donostian" izeneko ekimena prestatu da Donostiako Boulevard kalean, 10:00etan hasita.

Martxa Lila, bazkaria eta kontzentrazioa Emakumeen Egunerako

Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatzeko, martxoaren 8an, Eibarren antolatu den egitaraua osatuko duten ekintzak honako hauek dira: Martxa Lila, Berdintasunaren pasealekutik, Eibar-Ermua unibertsitatearen aurrean (zerbait lila ekartzera animatzen dute antolatzaileek), 11:30ean; sagardotegian bazkaria 14:30ean (izen-ematea Andretxean) eta "EZ GAUDE JOKOZ KANPO, MARTXAN GAUDE" kontzentrazioa, 19:00etan, Untzaga plazan.

Martxoaren 9an, asteazkena, Portaleako areto nagusiak Elene Lizarralderen "Rocío en el corazón" liburuaren aurkezpena hartuko du, 19:00etan. Ekimena Udal Liburutegiak antolatu du.

Bestalde, hilaren 11n, "Erraketistak: gure aitzindariak gogoan" erakusketaren aurkezpena eta "Emakumeak plazan" doku-erreportaiaren eta "Pilota Girls" laburmetraiaren proiekzioa izango dira Patricia Espinarren eskutik, 18:30ean, Portaleako erakusketa gelan. Egun berean, 19:00etan, Pagatxak eta Defibelek antolatutako zine foruma -"Million dolar baby" pelikularekin- eskainiko da Portaleako areto nagusian. Martxoaren 12an, zapatuan, Untzagatik irtenda Sosolara talde-ibilaldia egingo da, 10:00etan hasita, eta bertan herri kirolak ere izango dira. Amaitzeko, martxoaren 18an, NALUA Talde Feministaren aurkezpena eta "Mantazpitik" poesia musikatu emanaldia izango dira Portaleako areto nagusian (euskaraz), 18:30ean.

Halaber, martxoaren 8tik 20ra bitartean, Juan San Martin Liburutegiak antolatutako "Itsaspeko bihotzak" ekimena izango da, areto literarioa genero berdintasunaren gaia lantzeko haur literaturaren bitartez.