Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

'Elkartasun Bekak' programaren deialdia abian da

'Elkartasun Bekak' programaren deialdia abian da

Eibarko Udaletxea.

2017/11/16

Bi beka emango dira, bakoitza 1.500 eurokoa gehienez ere, nazioarteko lankidetza- eta elkartasun-proiektuetan parte hartzen duten kooperante eibartarrentzat. Eskaerak aurkezteko epea zabalik egongo da abenduaren 11ra arte.

Eibarko Udalak ‘Elkartasun Bekak’ programaren beste edizio bat jarri du martxan; deialdian bi beka emango dira, Eibarko gazteriaren artean nazioarteko elkartasunaren balioa sustatzeko xedez. Beka hauek eskuratzeko, besteak beste, beharrezkoa izango da garatzen ari diren edo garatuko diren proiektuak GKE baten bitartez egitea, eta xede-herrialdean egingo den egonaldia bi hilabetekoa izatea gutxienez.

Udalak 3.000 euroko partida bideratu du programarako, bi bekatan banatuko dena, bakoitza 1.500 eurokoa gehienez. Eskaerak egiteko epea abenduaren 11ra arte egongo da zabalik. Eskabideak Pegoran, Herritarren Zerbitzurako Bulegoan, egingo dira, deialdiaren oinarrietan ezarritako dokumentazioa aurkeztuta.

Beka hauek eskuratzeko, eskaera egiten duten pertsonak 20-40 urte artekoak izan beharko dira, Eibarren erroldatuta egon hiru urte lehenago, eta aurkeztutako proiekturako antzeko beste beka bat jasota ez eduki beste erakunde edo elkarte baten aldetik. Bekak diruz lagunduko dituen gastuak hauexek izango dira: bidaietako gastuak, istripu- edo gaixotasun-poliza bat kontratatzekoak, edo ostatu-, mantenu- eta bidaia-kontzeptuetan, xede-herrialdean egindako gastuak.

‘Elkartasun Bekak’ programa nahiz ‘Nazioarteko Lankidetza eta Garapenerakoa’ —azken honen deialdia ere abian da—, biak ere Eibarko Udalak nazioarteko lankidetzan eta elkartasunean oinarritutako ekimenak garatzearekin duen konpromisoaren parte dira, gobernuz kanpoko erakundeen proiektuak izan zein kooperante eibartarren proiektuak izan.