Eibarko Udala
Ekintzailaren azoka Azoka Debabarrena Debegesa Eibarko Udala

Ekintzailetza bultzatzen duten eragileak Debabarrena Ekinean Azokan batuko dira enpresa berrien sorrera sustatzeko

2015/06/01
Ekainaren 5ean eta 6an Debabarrena Ekinean Azoka egingo da Untzaga plazan herritarrei eskura dituzten baliabideak gerturatu eta ezagutzera emateko asmoz.

Debabarrenean ekintzailetza sustatzeko eta laguntzeko lanean ari diren entitate eta eragile ezberdinek, Debabarreneko Ekintzaletza Foroan bildurik, Debabarrena Ekinean Azoka egingo dute datorren ekainaren 5ean eta 6an, ostirala eta larunbata, herritarrei, eta bereziki, ekintzaileei eskualdean ekiteko eta euren negozio-ideiak garatzeko eskura dituzten baliabideak ezagutzera emateko helburuarekin.

Azoka Debabarreneko Ekintzailetza Foroak antolatu du, Eibarko Udalaren eta Izarra Fundazioaren laguntzarekin eta  Gipuzkoako Foru Aldundiko Berrikuntza, Landa Garapen eta Turismo Sailak, eta “Gipuzkoa Ekintzailea” ekimenak, diruz lagunduta.

Debegesa Garapen Agentziak duela 2 urtetik hona eskualdean ekintzailetzaren balioak sustatzeko eta aktibitate ekonomiko berrien sorrera eta garapena laguntzeko bultzatzen duen Debabarreneko Ekintzailetza Foroak antolatu du Azoka. Foro hau eskualdeko entitate eta eragile ezberdinek osatzen dute: Debabarreneko 8 Udalak, Debegesa, Bic Berrilan, Tekniker, Lanbide, Izarra Centre Fundazioa, Debabarreneko Lanbide Heziketako Zentroak (Uni Eibar-Ermua, Armeria Eskola, IMH, Meka Lanbide Eskola eta Mutrikuko Institutua), Ekingune, Debabarreneko Merkataritza Dinamizatzeko Bulegoak, Eibar Komertzial Gune Irekia, aholkularitza-enpresak eta finantza-entitateak.

Azokak eskualdeko izaera du eta Eibarko Unzaga plazan jarri den karpan egingo da. Sarrera irekia eta doakoa izango da. Azokak ostiralean, hilak 5, goizeko 10:00etan irekiko ditu ateak eta irekita egongo da 20:00ak arte jarraian. Larunbatean, berriz, goizeko 11:00etan ireki eta 21:00ak arte egongo da zabalik.

Aukera ezinhobea izango da ikuspegi orokor bat jaso eta gure eskualdeko ekintzailetzarekin loturiko entitate eta eragileengana erraz jotzeko, bai negozio-ideia bat dutenentzat eta jarraitu beharreko pausoak zeintzuk diren ezagutzen ez dutenentzat, bai negozioari ekin dioten ekintzaileentzat eta kokapen, finantziazio edota euren proiektua sendotzeko aholkularitza eta laguntza behar dutenentzat.  Era berean, azoka ekintzaileen arteko topagune ere bihurtuko da, elkar ezagutu eta esperientziak partekatzeko.

Guztira 7 stand izango dira:

1.Debabarreneko Udalak.- ekintzaileei zuzendutako laguntza-programak eta Udalek abian dituzten ekintzailetza sustatzeko ekimenen berri emango da.

2.Debegesa Garapen Agentzia.- enpresa sortzeko laguntza; ekintzaileei arreta pertsonalizatua, euren proiektu edota enpresa-idearen garapenerako fase guztietan informatu, bideratu eta aholkatu.

3.Izarra Fundazioa.- enpresa berrientzat laguntza zerbitzua eta enpresa haztegia Ermuan.

4.Merkataritza bulego teknikoak.- merkataritza sektorean enpresak sortzeko aholkularitza.

5.Ekingune.- ekintzaileen arteko lankidetza eta sustapenerako Elkartea

6.Biharrian.- eraikin industrial biziberrituetan disziplina ezberdinen arteko elkarlana bultatzeko Elkartea.

7.BBVA.- enpresen sorrera edo proiektuen garapenerako finantziazioa bideratzeko informazioa.

Azokak elkartzeko eta hizketarako gune bat ere izango du, ekintzaileak elkar ezagutu eta esperientziak partekatzeko.  Halaber, txartelak uzteko panel bat ere jarriko da.

Ostiralean, goizeko 10:00etatik 14:00etara, bisita programatuak egingo dira interesa duten herritarrei zuzenduta azoka antolatzaile batek lagunduta egiteko eta eskualdeko baliabide guztiak ezagutu ditzaten. Bisitaren iraupena 30 minutukoa izango da. Aurrez izena ematea gomendatzen da: 943 82 01 10 edo ekintzaile@debegesa.com.   

Roberto Etxeberria diseinatzailea, partaide gonbidatua Debabarrena Ekinean Azokan

Azokak iraungo duen bi egunetan hainbat ekintza osagarri burutuko dira, publiko zabalari zuzenduta. Horien artean, azpimarratzekoa da ostiralean, hilak 5, 18:00etan, Eibarko uadletxean, Roberto Etxeberriadiseinatzaile eibartar ezagunak eskainiko duen hitzaldia. Etxeberriak ekiteko motibzioari buruz hitz egingo du bere hitzaldian. 2008an bere marka propioa sortu zuen, ETXEBERRIA, gizonezkoentzako modan espezializatua; azken urteetan hainbat sari garrantzitsu jaso ditu eta 2014an New Yorkeko Modaren Astean parte hartu zuen.

Sarrera doakoa izango da eta herritar guztiek Roberto Etxeberriaren hitzaldia entzuteko aukera izan dezaten, ordu berean Unzaga plazan umeentzako tailer bat antolatuko da (2 urtetik gorako haurrentzat).

Larunbatean, hilak 6, 11:00etan, Debabarreneko ekintzaileen arteko eztabaida bat egingo da “Nola mantendu ilusioa nire empresa sendotzeko” izenburupean. Arratsaldez, berriz, 17:00etatik 21:00etara, antolatzaile, parte-hartzaile eta herritarrek ekintzailetzari buruzko networking batean parte hartu ahal izango dute.

Ekintza hauek guztiak doakoak izango dira eta interesa duten herritarrek izena eman dezakete 943 82 01 10 telefonora deituz (Debegesa) edota ekintzaile@debegesa.com helbidera idatziz. Debegesako webgunean, debegesa.eus, informazioa eta egitaraua kontsultatu ahal izango dute.