Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibartarrek 35.000 maskara baino gehiago eskuratu dituzte makinak martxan jarri eta lehen astean

Orbea kiroldegian dagoen vending makina.

Orbea kiroldegian dagoen vending makina.

2020/05/22

Fermin Calbetonen jarritakoa izan da gehien erabili dena, ia 15.000 maskara hartu baitira bertako makinan. Bigarrena, Berdintasunaren pasealekuan jarritakoa izan da. Eibarko Udalak eta Urkotronikek elkarlanean jarraitzen dute herritarrei maskarak doan banatzeko ekimenean, alarma egoerak irauten duen bitartean. Eibar Kirol Taldeak ere parte hartzen du egitasmoan.

Urkotronikek Eibarko Udalari gaur goizean emandako datuen arabera, joan den ostiralean txartelak banatzen hasi zirenetik atzo gauera arte eibartarrek 35.012 maskara jaso dituzte, alegia, 4 aleko 8.753 pakete.

Biztanle-dentsitateagatik, Eibarko erdigunean jarritako makina —zehazki, Fermin Calbeton kalekoa— izan da maskara gehien banatu dituena, guztira 14.732. Berdintasunaren pasealekuko makina bigarren erabiliena izan da, 6.356rekin, eta hirugarrena Orbeako kiroldegian kokatutakoa izan da (5.056).

Azitain eta Kantoiko gasolindegiei dagokienez, 4.048 eta 4.412 maskara jaso dira, hurrenez hurren. Ipuruan dagoen Eibar KTko dendan jarritako makinan, geroago ipini denez, 400 izan dira hartutako aleak.

Azken makina hori, Klubarekin akordio bat lortu ondoren jarri zen. Akordio garrantzitsua inondik ere, entitate publiko-pribatuen arteko lankidetzaren balioa erakusten duena.

Dagoen eskaerari erantzun ahal izateko, Udalak, lehendik zeuzkan maskarez gain, beste 80.000 ale erosi ditu duela gutxi, eta beste horrenbeste erostea aurreikusi da.

Herritarren esku jartzen ari diren maskarek, erabilera bakarrekoak izan arren, 4 ordutako iraupena dute, eta haien eraginkortasuna ez mugatzeko arau higienikoak bete behar dira.

Eibarko Udalak herritarrei gogorarazi nahi die arduraz jokatu behar dutela, eta, ahal dela, jende-pilaketak saihestu. Halaber, Urkotronikek telefono-zenbaki hau jarri du, 619883000, txartela edo makinaren inguruan edozein kontsulta egiteko.