Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarren NANren eta Pasaportearen bulegoa zabaltzea bermatu du Osoko bilkuran Gobernu-taldeak

2016/12/27

Oposizioak aurkeztutako mozioaren inguruan egindako testu alternatibo baten onarpenaren bitartez, gobernu-taldeak zerbitzua hirian eskainiko dela bermatu zuen.

Atzo astelehena, abenduak 26, egindako osoko bilkuraren saioan eztabaidatu ziren, besteak beste, oposizioko udal taldeek eta PSE-EEk aurkeztutako mozio bana –Eibarko EAJ-PNVak eta EH Bilduk testu bat aurkeztu zuten eta Irabazi geroago gehitu zen–; urriaren 25eko saioan egindako eskaera berriz ere gogora ekartzeaz gain –Guardia Zibilaren kuartelak Eibarren hartuta daukan tokia libre uztearenari buruzkoa­­– gure hirian NANren eta Pasaportearen Bulegoa zaintzeari buruzko gaiari buruz aritu ziren. Oposizioko taldeak, denak batera, bulegoaren irekitzea eta ohiko funtzionamendua baldintzatu zuten, Estatuko polizia bertan ez egoteko eskatu baitzuten; horrez gain, ez zuten argitu zer gertatuko litzateke beren eskaera betetzea posible izango ez balitz. Gobernu-taldeak, berriz, Espainiako Gobernuaren Barne Ministerioarekin eta Eusko Jaurlaritzaren Barne Departamentuarekin bulegoa Eibarren polizia gabe kokatu ahal izan dadin negoziatzeko konpromisoa hartu zuen. Eibarko Alkate den Miguel de los Toyosek ziurtatu zuenez, “ez negoziazio lanek ezta horien eraginez hartutako konponbideek ere atzeratu eta galaraziko dute bulegoa zabaltzea eta horren ohiko funtzionamendua”.

Barne Ministerioak ezezkoa emango balu udal taldeen jarrera zein izango litzateke galdetu zuen Alkateak; EH Bildu Udal Taldeak argitu zuenez, kasu horretan, aipatutako zerbitzua Eibarren ez eskaintzea nahiago du. Aitzitik, Eibarko EAJ-PNVak ez zuen bere jarrera zehaztu. Mozio biak bozkatu egin ziren; oposizioak aurkeztutakoa jeltzaleen eta EH Bilduren aldeko botoak izan zituen –Irabaziko ordezkaria ez zen egon Osoko Bilkuran– eta sozialisten kontrako botoa. Gobernu-taldeak aurkeztutako mozio alternatiboa, berriz, aurrera atera zen PSE-EEren zinegotzien aldeko botuei esker eta Eibarko EAJ-PNVaren abstentzioarekin. Kasu horretan, EH Bilduk kontrako jarrera hartu zuen.

Modu horretan, Gobernu-taldeak aurkeztutako testuaren onarpenarekin, eibartarrek asko eskatu izan duten NANaren eta Pasaportearen bulegoa Eibarren zabaltzea bermatu da, baita  zerbitzuaren prestazioa ere. Hala, desplazamenduak eta horiei lotutako gastuak saihestuko dira. Bulegoa, gainera, eskualdeko erakargune izango da; izan ere, inguruko herrietako biztanleak aipatutako dokumentuak tramitatzera etorriko dira gure hirira.

Bestalde, atzoko Udalbatzak aho batez onartu zuen Podemos Ahal Dugu Eibar Taldeak aurkeztu zuen mozioa, Bozeramaileen Batzordearen akta egin eta geroago argitaratzearena. Eibarko Udalaren webguneak gai horren inguruko atal zehatza biltzen du eta, aurrerantzean, bertan kaleratuko da bilkura bakoitzari dagokion akta.

2016ko abenduaren 26ko Osoko Bilkura osorik ikusteko SAKATU HEMEN.

Udalbatzan hartutako erabakiak kontsultatzeko SAKATU HEMEN.