Eibarko Udala
segurtasuna

Eibarren hobetu egin dira segurtasun-datuak: beherakada handia egon da delitu nagusietan

2026/10/13
Artxiboko irudia.

Ertzaintzaren behin-behineko datuek (urtarriletik abuztura bitartekoek) oso bilakaera ona erakusten dute delinkuentziari dagokionez, aurreko urtearekin alderatuta. Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlana, poliziaren presioa eta ohiko delitugile batzuk espetxeratu izana dira jaitsiera horren arrazoiak.

Segurtasun-adierazle nagusiak hobetzen ari dira Eibarren. Hala islatzen dute abuztuaren 31ra arteko epeari dagozkion behin-behineko datuek; izan ere, delitu-tipologia batzuetan beherakada nabarmena izan da, iazko epe berarekin alderatuta.

Bilakaera hori, besteak beste, polizien lan jarraituari, Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko koordinazioari eta delitu-jarduera errepikatzen duten pertsonen aurkako jarduketei zor zaie. Bi polizien arteko lankidetzak ahalbidetu du informazioa partekatzea, esku-hartzeak planifikatzea eta delituen aurkako erantzuna hobetzea, herritarren artean kezka gehien sortzen duten jokabideetan arreta berezia jarriz.

Jon Iraola Eibarko alkateak positibotzat jo ditu datuak, baina azpimarratu du beharrezkoa dela zuhurtasunari eustea eta lanean jarraitzea joera hori sendotzeko. “Datuek adierazten dute norabide egokian goazela, eta egindako lanaren emaitza onak bistakoak dira. Baina segurtasun-kontuetan ezin da erlaxatu. Lanean jarraitu behar dugu egunero, prebentzioa indartuz, kalean poliziaren presentzia mantenduz eta polizien arteko koordinazioa hobetuz”, adierazi du.

Iraolak nabarmendu du Udaltzaingoaren eta Ertzaintzaren arteko elkarlana Eibarko segurtasuna hobetzeko funtsezko elementuetako bat dela. “Poliziek informazioa partekatzen dutenean, euren jardunak koordinatzen dituztenean eta arreta delituak errepikatzen dituzten pertsonengan jartzen dutenean, erantzuna eraginkorragoa da. Poliziaren presio etengabeak eta ohiko delitugileen aurkako esku-hartzeak delitu jakin batzuen beherakada ekarri dute” esan du.

Datu aipagarrienen artean ondarearen aurkako delituen bilakaera dago, herrian kezka gehien sortu duen arloetako bat. Etxeetan egindako lapurretak 33 kasu izatetik 22 izatera pasatu dira 2025ean, eta enpresetan egindakoak bost kasutik bira. Bereziki garrantzitsua da espazio itxietako lapurreten beherakada, 73 izatetik 25 izatera igaro baitira; murrizketa horrek agerian uzten du  bilakaera delitu-tipologia horretan. 

Tirakadaz egindako indarkeriazko lapurretei dagokienez, datuak behin-betiko zifren eta dagozkion polizia-sailkapenen arabera aztertu beharko dira, haien bilakaerari buruzko ondorioak adierazi aurretik. Lehentasuna da delitu horien prebentzioa hobetzea eta gertaera horien arduradunen gainean jardutea.

Sexu-askatasunaren aurkako delituek ere bilakaera positiboa izan dute: 2025eko urtarriletik abuztura bitartean hamar kasu erregistratu ziren, eta 2026ko aldi berean lau. Murrizketa nabarmena da, baina horrek ez dio garrantzirik kentzen mota horretako delituak prebenitzeko, biktimei arreta emateko eta ikertzeko baliabideak mantentzeko beharrari.

Era berean, gaueko aisialdiarekin lotutako lesio eta borroka larriek behera egin dutela ikusten da: 2025ean hamabi kasu izan ziren eta 2026an zazpi. Bilakaera positiboa izan arren, larunbatetik iganderako goizaldean gertatzen dira oraindik ere era horretako gorabehera gehienak. Hori dela eta, Udaltzaingoak eta Ertzaintzak arreta berezia jartzen dute ordu-tarte horietan, eta istiluak saihesteko eta hiriko aisialdiaz gozatzen dutenen segurtasuna bermatzeko prebentzio-jarduerak egiten dituzte.

Eibarko Udalak jarraitu egingo du poliziaren prebentzio-neurriak eta elkarlan indartzen. Datozen egunotan trafiko- eta segurtasun-kamera berriak jarriko dira, zeinek prebentzio-lanak hobetu eta delituak argitzen lagunduko duten, baita administrazioko arau-hauste jakin batzuk atzematen ere, betiere aplikatzekoa den lege-esparruaren barruan.

Neurri horri gehitu behar zaio Ertzaintzarekin batera egindako operatiboak, xede dutenak delituak prebenitzea eta bizikidetzan eta herritarren segurtasunean eragina duten jokabideetan esku-hartzea. 

Esku-hartze horren beste lan-ildoetako bat apirilean hasi ziren auzozainen lana da. Ekimen honen helburua da Udaltzaingoa herritarrengana hurbiltzea, haien eskaerei erantzutea eta  kexak, iradokizunak eta kezkak zuzenean jasotzea. 

Jon Iraolak azpimarratu du segurtasuna ikuspegi integral batetik landu behar dela, poliziaren jarduna prebentzioarekin eta gertutasunarekin uztartuz. “Eibarrek hiri segurua izaten jarraitzea nahi dugu, eta eibartarrak lasai bizi ahal izatea. Datuak positiboak dira, baina gure konpromisoa hobetzen jarraitzea da. Ertzaintzarekiko elkarlana mantenduko dugu, prebentzioa sustatu eta gertuko Udaltzaingo baten alde egingo dugu, gure auzoetako errealitatea ezagutu eta herritarrekin etengabe harremanetan egongo dena”, amaitu du esanez.