Eibarko Udala
Enplegua eta garapen ekonomikoa

Eibarren ere egingo da Eusko Jaurlaritzak enplegua eta garapen ekonomikoa indartzeko abian jarriko dituen plan berrietako bat

2025/07/07
Jon Iraola alkatea eta Mikel Torres, lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, Eibarko Udalean izandako bilera batean.
Jon Iraola alkatea eta Mikel Torres, lehendakariordea eta Ekonomia, Lan eta Enplegu sailburua, Eibarko Udalean izandako bilera batean.

Euskadik fase pilotu bat jarri behar du martxan 15 herritan, lurralde bakoitzera egokitutako enplegu-politikak diseinatzeko. Jon Iraola alkateak eta Vanesa Hortas zinegotziak azpimarratu dute ekimen honek garrantzi handia duela lan-munduan sartzeko eta herriaren hazkuntzarako.

Euskadik beste urrats bat eman du egungo lan-erronkei erantzuteko, Tokiko Enplegu eta Garapenerako Planak (TEGP) onartuta. Tresna estrategiko hori erreminta bat da udalerriek beren errealitate eta beharretara egokitutako enplegu-politikak diseinatzeko.  Aurten egingo den fase piloturako aukeratutako hamabost udalen artean, Eibar dago, Donostia, Irun edo Gasteizekin batera.

Enplegu Politika Publikoen Euskal Kontseiluak, duela gutxi Gasteizen bilduta, Kontseilu berriaren funtzionamendu-araudia onartu zuen, zeinak aipatutako politikak koordinatuko dituen.  Gainera, 2,8 milioi euroko zuzkidura ekonomikoa jarri da abian, plan horien prestaketa eta garapena 2025ean zehar finantzatzeko.

Jon Iraola Eibarko alkateak positiboki baloratu du herria ekimen aitzindari honetan sartzea:
"Eibarrentzat funtsezkoa da gure berezitasun industrial eta sozialei erantzungo dien enplegu-plan bat diseinatu ahal izatea, betiere hazkunde iraunkorra eta gure bizilagunentzat lan duina bilatuz.  Aukera bat da gure sare ekonomikoa indartzeko eta datozen erronkei berme osoz aurre egiteko”.

Bestalde, Vanesa Hortas Eibarko Enplegu eta Garapen Ekonomikoko zinegotziak halako planek gizarte-kohesioan eta garapenean izan dezaketen eragina nabarmendu du: "Enplegu-plan propioa izateak aukera emango digu fokua premia handiena dutenengan  jartzeko eta gizarteratzea eta laneratzea sustatzeko ekintza zehatzak diseinatzeko, bereziki kolektibo zaurgarrietan. Gainera, aurrerapauso bat da administrazioen arteko lankidetzan, zeren halako planen arrakasta elkarrizketan eta etengabeko kooperazioan oinarritzen baita”.

Fase pilotua aurten bertan hasiko da, Euskadiko hiru lurralde historikoetako udalerrietan planak diagnostikatuz, diseinatuz eta ezarriz. Gipuzkoan, Eibarrek ez ezik, Donostia, Irun, Errenteria, Hondarribia, Pasaia, Oiartzun eta Lezok ere parte hartuko dute. Bizkaian, Bilbo, Barakaldo, Sestao eta Durangaldeko Mankomunitatea daude; Araban, berriz, Gasteiz, Amurrio eta Arabako Lautadako Kuadrilla daude.

Plan hauek enplegua sortzea eta lurralde bakoitzeko jarduera ekonomikoa eta soziala eraldatzea bilatzen dute, hazkundea sustatuz eta kalitatezko enplegua bultzatuz. Enpleguaren Euskal Legeak ahalmena ematen die udalerriei era honetako ekimenak inplementatzeko, integrazio soziolaboralari eta jasangarriatasunari lehentasuna ematen baitiete.

Mikel Torres lehendakariorde eta Ekonomia, Lan eta Enpleguko sailburuak bileran adierazi zuenez, "Euskadi urrats sendoak ematen ari da lurraldearen benetako beharrekin lerrokatuago egongo den enplegu-eredu justuago eta inklusiboago baterantz.  Kontseiluaren instituzionalizazioa eta halako planak ezartzea funtsezko zutabeak dira kalitatezko enplegua bermatzeko, betiere lurraldeari eta erronka sozial eta ekonomiko berrietara egokitua”.

Erlazionatutako edukia: