Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarren 44 zuzkidura bizitoki alokairuan esleitzeko prozeduran izena emateko epea ireki da

2016/06/06

Lehentasuna izango dute esleipenean 30 urtetik beherako kidez bakarrik osatutako bizikidetza-unitateek, baldin eta Eibarren erroldatu zirenetik 2 urte edo gehiago igaro badira eta etxebizitza duin eta egokiaren eskubide subjektiboa aitortzeko betekizun guztiak betetzen badituzte.

Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Eibarko Egazelai auzoan 44 zuzkidura-bizitoki nagusiki gazteei esleitzeko prozeduran parte hartzeko epea ireki du. Prozeduran sartzea borondatezkoa da eta ekainaren 6tik 20ra arteko epea egongo da horretarako.

Esleipen-prozeduran hartu ahal izango dute parte alokairuko etxebizitza eskatu dutenek Eibarko eremu funtzionalean (Deba, Eibar, Elgoibar, Ermua, Mallabia, Mendaro, Mutriku eta Soraluze). Horrez gain, interesdunek 2014. urteko errentari dagokion zergaldian gutxienez 3.000 euroko eta gehienez ere 39.000 euroko urteko diru-sarrera haztatuak dituztela frogatu beharko dute.

Kide bakarreko, bi kideko eta hiruko bizikidetza-unitateei zuzendutako prozedura da. Lehentasuna izango dute esleipenean 30 urtetik beherako kidez bakarrik osatutako bizikidetza-unitateek, baldin eta Eibarren erroldatu zirenetik 2 urte edo gehiago igaro badira eta etxebizitza duin eta egokiaren eskubide subjektiboa aitortzeko betekizun guztiak betetzen badituzte.

Zuzkidura-bizitokietarako sarrera gehienez ere bost urteko epean egingo da, eta eskatzaileek kanon bat ordaindu beharko dute hilero; kanonak ezingo du gainditu bizikidetza-unitatearen diru-sarrera haztatuen % 30.

44 zuzkidura-bizitokietatik 41 logela bakarrekoak dira. Gainerako 3ak bi logelakoak dira; horietatik 2 mugikortasun murriztu iraunkorra duten pertsonentzat egokituta daude eta logela bakarrekoak dira.

Izen-ematea www.etxebide.euskadi.eus webgunearen bidez egin daiteke edo ETXEBIDEk bidalitako jakinarazpena, atzean sinatuta, Eusko Jaurlaritzarekin leihatila bakarraren hitzarmena izenpetua duen udalen batera edo hona helaraziz:

  • Posta arrunta: Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritza, Andia 13, 6.a 20004 Donostia
  • Aurrez aurre: ZUZENEAN, Andia 13, Behea, Donostia

Pertsonaren batek esleipen-prozeduran parte hartzeko baldintzak bete gabe ematen baldin badu izena, bere eskaera bertan behera geratuko da. Esleipenari uko egiteak Etxebideren Erregistroan baja ematea ekarriko du, eta, horren ondorioz, izena emateko 2 urteko debekua. Esleipen prozeduran parte hartzen ez dutenek ez dute inolako ondoriorik izango Etxebideko espedientean.