Eibarrek udal rokodromo berria izango du, 131.000 euroko inbertsioa egin ostean
Udalak eskaladan aritzeko gune bihurtu ditu bi squash pista eta biltegi bat. Egitura-lanak amaituta, uztailean esleituko dira instalazioa osatzeko koltxonetak eta presak.
Eibarko Udalak kirol-instalazioen sarea indartzen jarraitzen du, udal rokodromo berri batekin. Instalazio berriak 131.000 euroko inbertsioa izango du guztira, eta hiriko kirol-eskaintza handitzea ahalbidetuko du, eskaladarako egokitutako espazio moderno eta seguru batekin.
Rokodromoa eraikitzeko, bi squash pista eta biltegi bat erabili dira. Hala, bigarren aukera bat eman zaie jada erabiltzen ez ziren espazio batzuei.
Lehen fasean, horma eraisteko eta lurzorua egokitzeko lanak egin ziren, 38.000 euroko inbertsioarekin eta astebeteko epearekin. Ondoren, rokodromoaren (Builder) egitura egin da; azken lan horien aurrekontua 59.500 eurokoa izan da, eta lanak bi asteko epean egin dira.
Proiektuaren azken fasean, segurtasun-koltxonetak eta eskaladako presak erosiko dira (33.500 euroko aurrekontua). Hornidura horren lizitazioa aurtengo uztailean egitea aurreikusten da, ekipamendua osatu eta instalazioa herritarren eskura ahalik eta azkarren jartzeko.
Jon Iraola Eibarko alkateak nabarmendu duenez, “jarduera honek kirol-instalazioak hobetzen eta dibertsifikatzen jarraitzeko udalaren konpromisoari erantzuten dio. Gutxi erabiltzen ziren espazio batzuk berreskuratu ditugu, ekipamendu moderno bat eraiki, eta gero eta zale gehiago dituen kirol modalitate bati erantzuteko.
Bestalde, Kiroletako zinegotzi Andoni Ameztoyk zera adierazi du: “Rokodromo berri honek kirol-eskaintza zabaltzea eta kalitatezko instalazioak izatea ahalbidetuko du, bai eskaladan aritzen direnentzat, bai diziplina honetan hasi nahi dutenentzat. Eibarko kirolaren orainerako eta etorkizunerako pentsatutako inbertsioa da”.
Proiektu honekin, udalak apustu egiten jarraitzen du kirol-ekipamenduak modernizatzearen eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzearen alde, herritarren eskura gero eta instalazio osatuagoak eta irisgarriagoak jarriz.