Eibarrek ospitale berria izango du, urriaren 29tik aurrera
Eibarko Otaola hiribidean kokatuta dagoen ospitale berria zabalduko da datorren astelehenean, urriak 29, Debabarreneko herritarrei osasun arreta hobetzeko asmoz. Modu horretan, herritarrei dagoeneko ematen zaizkien zerbitzuak baino gehiago emango zaizkie eta eskualdeko 75.000 biztanleei irisgarritasuna eta eskaintza sanitarioa hobetuko dizkie ospitale horrek. Ospitale berria datorren astean zabalduko den arren, gaur astelehena, urriak 22, inaugurazio ekitaldia izan da. Bertan izan dira, besteak beste, udal ordezkariak, Debabarreneko herrietako alkateak, baita Iñigo Urkullu lehendakaria eta Jon Darpón, Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburua ere.
Debabarrena ESIaren egituran beste zentro bat bezala txertatzen den ospitale berri honek instalakuntza modernoak ditu honako zerbitzu hauek eskaintzeko: Lehen Mailako Arreta (familia-medikuntza eta pediatria); Osasun Mentala, erresonantzia magnetikoko talde bat (Osatek) izango duen Erradiodiagnostikoko zerbitzua eta Errehabilitazioko zerbitzua. Era berean, kanpo-kontsultetan 8 espezialitate eskainiko dira 14 kontsultetan. Azkenik, 20-24 oheko hiru ospitaleratze-unitate izango ditu bi solairutan banatuta. Erreferentziako ospitalea Mendarokoak izaten jarraituko duen arren, Eibar Ospitalea hurbilago dagoen osasun azpiegitura berria izango da, osasun-zerbitzu berriekin.
Askotariko zerbitzuak
Eibarko ospitale berriak askotariko zerbitzu desberdinak eskainiko ditu. Lehen Mailako Arreta zerbitzuari dagokionez, orain arte Torrekuako osasun-zentroan eskaini den jarduera guztia gauzatuko da Eibar Ospitalean, lehen mailako arreta zabalduz eta hobetuz. 0 solairuan egongo dira medikuen eta erizainen kontsultak: 7 kontsulta familia-medikuentzat eta beste 7 erizainentzat, pediatriako kontsulta bat eta haur-erizaintzako beste bat. Gainera, EAG (Etengabeko Arreta Gunea) egongo da, astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 08:00etara, eta 24 orduz, larunbat, igande eta jai egunetan.
Bestalde, Osasun Mentaleko zentroa Eibar Ospitale berriko 0 solairuan kokatuko da, aparteko sarrera izango du eta 850 metro koadrotan 12 kontsulta izango ditu, honako programa hauei erantzuteko: Helduen Psikiatria Orokorra, Haur eta Gazteen Psikiatria, Nahaste Mental Larriak, Alkoholismoa, Toxikomania Ez Alkoholikoak, Psikogeriatria, Elikadura Jokabidearen Nahasmenduak eta Metadona Programa. Zerbitzua astelehenetik ostiralera eskainiko da, 08:00etatik 15:00etara.
Ospital berrian zortzi espezialitatetako arreta emango da hamalau kontsultetan (kardiologia, arnas aparatua, barne-medikuntza, neurologia, erreumatologia, errehabilitazioa, traumatologia eta endokrinologia) eta errehabilitazio-zerbitzuak arreta eskainiko die anbulatorio eran doazen pazienteei eta ospitaleratutakoei.
Ospitaleak, gainera, 20-24 oheko hiru ospitaleratze-unitate izango ditu bi solairutan banatuta. Bertan, Barne-medikuntza Zerbitzuak beste espezialitateekin koordinatuta emango du arreta.
Azkenik, ospitale berriak erradiodiagnostikoko zerbitzua eskainiko du eta ohiko X izpi robotizatuak, teleaginte bidezko X izpiak, erresonantzia magnetikoak, ekografiak eta ortomamografiak egingo dira. Ospital berrian eskainiko diren zerbitzuak era mailakatuan zabalduko dira.