Eibarko Udala
Eibar Moda Sortzen

Eibarrek moda emergentea bultzatu nahi du “Eibar Moda Sortzen” lehiaketarekin

2026/04/17
Kartela.

Lehiaketak Gipuzkoako zenbati talde bilduko ditu prestakuntza, diseinua eta tokiko merkataritza uztartzen dituen zuzeneko sormen-esperientzia batean. 200 euroko hiru sari banatuko dira, eta izen-emateak apirilaren 25era arte egongo dira zabalik.

Maiatzaren 10ean, sormenaren topagune izango da berriro ere Eibar, EIBAR MODA SORTZEN diseinu eta joskintza lehiaketarekin. Ekimenak jantzigintzaren, modaren eta berrikuntzaren arloan indarra hartzen ari den talentua sustatzea du helburu.

Lehiaketa Eibarko, Debabarreneko eta Gipuzkoako herritarrei zuzenduta dago nagusiki, eta bi laguneko 10 talde bilduko ditu gehienez. Lehiakideek jantzi bat diseinatu eta egin beharko dute zuzenean, hiru orduko denbora-tartean. Eginkizun zorrotza da, parte-hartzaileen teknika eta irudimena probatzen dituena, emozioa, ikaskuntza eta eszenaratzea konbinatzen dituen formatu batean.

Sortzen diren lanak Eibarko merkatarien elkarteak antolatzen duen Eibar Modan desfilean aurkeztuko dira gero, maiatzaren 15ean. Horrela, sortze-prozesuari jarraipena emango zaio eta tailerreko azken lana pasarela batean erakutsiko da.

Lehiaketak 200 euroko hiru sari banatuko ditu, eta, gainera, talde irabazleak Alfako josteko lehiaketa nazionalean parte hartzeko txartela lortuko du. Izen-emateak apirilaren 25era arte egongo dira zabalik. Informazio guztia, lehiaketaren oinarriak eta izena emateko orria Instagrameko @eibarkomoda kontuan eta 687472082 telefono zenbakian egongo dira eskuragarri. 

Ekonomiaren Garapen, Enplegu eta Berrikuntza zinegotzi Vanesa Hortasek nabarmendu duenez, proiektu honek “gazteen talentua bultzatzeaz gain, prestakuntzaren, sormenaren eta tokiko merkataritzaren arteko lotura indartzen du, eta aukera errealak sortzen ditu etorkizun handiko sektore batean”. Hortasen hitzetan, “Eibarrek industria- eta ehungintza- tradizioa du, eta horrelako ekimenek aukera ematen dute legatu hori begirada garaikide eta ekintzaile batekin eguneratzeko”.

Bestalde, ekimenak hiriarentzat duen balio estrategikoa azpimarratu du Jon Iraola alkateak: “Eibarrek beti jakin izan du bere burua berrasmatzen. Modaren eta sormenaren alde egitea gure jendearen talentuaren eta tokiko ekonomia dinamikoago, anitzago eta identitate propioagoaren alde egitea da”. Zera gaineratu du: “Formakuntza, gazteria eta tokiko merkataritza batzen ditugunean, hiria eraikitzen ari gara, terminoaren zentzurik osoenean”.

Eibarko Udalak antolatu du ekitaldia, Eibarko Merkatarien Elkartearekin eta Alfarekin lankidetzan, udalerrian berrikuntza eta sormenezko ekintzailetza bultzatzeko estrategia zabalago baten barruan.