Eibarrek kirolaren aldeko apustua egiten du: modernizazioa eta erosotasuna herriko kirol-instalazioetan
Ipurua, Orbea, Unbe eta Astelena: eraberritze-lan integralak erabiltzaileen esperientzia hobetzeko. Aurten, inbertsio estrategikoak eta prebentziozko mantentze-lanak izango dira nagusi.
Eibarko Udalak eraberritze- eta mantentze-plan anbiziotsu bat jarri du martxan bere kirol-instalazioetan, Ipurua kiroldegia eta Orbea, Unbe eta Astelehena kirol-guneak barne hartzen dituena. 2026ean gauzatuko diren jarduketen helburua da erabiltzaileen segurtasuna, irisgarritasuna eta erosotasuna hobetzea, baita ekipamenduak eguneratzea ere.
Ipuruan, martxoan zehar, galdaren gunean deskaltzifikatzeko gailu bat jarri, eta aldageletako sabaiak eta ur-ihesak konponduko dira. Horrez gain, rokodromo berria egiteko lanak hasiko dira, lau hilabeteko epean amaitzeko aurreikuspenarekin, eta igerilekura sartzeko arrapala egingo da. Igerilekuko klimatizazio-sistemaren koadroa ere berriztuko da, baita hodiak garbitu eta hondatutakoak aldatu ere. Uda amaierarako, kiroldegiko erdiko pista berriztea aurreikusten da. 160.000 euro inguruko inbertsioa egingo da, eta lanek gutxi gorabehera hiru aste iraungo dute.
Jon Iraola Eibarko alkateak horrelako jarduketen garrantzia azpimarratu du:
“Kirol-instalazio guztiak seguruak, irisgarriak eta modernoak izatea nahi dugu. Berritze-lan hauek gure kirolarien esperientzia hobetzeaz gain, kirolari indarra ematen diote ongizatearen eta gizarte-kohesioaren eragile gisa”.
Martxoan, Orbean galdara berria eta deskaltzifikatzeko gailu bat jarriko dira, eta aldageletako sabaiak eta antzemandako hezetasunak konpondu. Maiatza eta ekaina bitartean Spa zerbitzuan pantaila berri bat jarriko da, eta, udan itxita dagoen bitartean, indarra lantzeko makina berriak instalatuko dira gimnasioan.
Andoni Ameztoy Kirol Saileko zinegotziaren hitzetan,
“inbertsio guztien helburua da erabiltzaileen (gazte nahiz helduen) erosotasuna eta segurtasuna bermatzea. Ekipamenduak berrizten eta gorabeherak zuzentzen ari gara, urte guztian zehar kalitatezko instalazioak eskaintzea helburu”.
Unben, deskaltzikatzeko makina bat eta galdara berriak jarriko dira. Obrak Sailean enpresa batekin ari dira lanean, fatxadan dauden filtrazioak konpontze aldera, eta, behin lan horiek amaituta, gimnasioko zorua jarriko da. Urtean zehar bestelako lanak ere egingo dira: aldagelak, dutxak, ateak eta kristalak eraberritu ez ezik, behealdeko zelaiko argiak ere aldatu egingo dira.
Astelena frontoian, apirila eta maiatza bitartean, joko-kantxa berriztu eta margotuko da, eta gaur egun espazioan dauden itoginak ere konponduko dira.
Amaitzeko, Iraola alkateak zera gehitu du:
“Inbertsio hauen xedea, azpiegiturak hobetzeaz gain, kirola eta jarduera fisikoa egitea sustatzea da, bizimodu osasungarri baten osagai gisa”.
Azkenik, enpresa batekin kontratu txiki bat egitea aurreikusi da, Ipurua eta Orbeako igerilekuen eta Sparen kontrola eramateko, espazio horien funtzionamendua eta kudeaketa optimizatzeko.