Eibarrek haur-hezkuntza sustatu nahi du Haurreskolako 41 plaza berrirekin eta 460.000 eurotik gorako inbertsioarekin

Jazinto OIaben eta Blas Etxeberrian udalaren bi lokal berri egokituko dira urteko azken lauhilekoan, 0-2 urte arteko umeentzako hezkuntza-eskaintza handitzeko. Lizitazio-prozesua martxan dago eta hainbat enpresak aurkeztu dituzte proposamenak; adjudikazioa abuztu amaierarako dago aurreikusita.
Eibarko Udalak haur-hezkuntza goiztiarraren aldeko apustua egiten jarraitzen du, haurreskoletarako udalaren bi lokal berri egokituko baititu. Horri esker, 41 plaza sortuko dira 0 eta 2 urte bitarteko haurrentzat. Horretarako, Udalak 460.000 euro inguruko aurrekontua bideratuko du.
Jazinto Olabe kalean, udal ludotekaren ondoan, eta Blas Etxeberrian, El Casco eraikin berrietako baten etxabean, egongo dira kokatuta espazio berriak. Bakoitzak 90 metro karratu baino gehiago izango ditu, eta ingurune segurua, erosoa eta haurren beharretara egokitua eskaintzeko diseinatuta egongo dira.
Lizitazio-prozesua abian da, eta dagoeneko aurkeztu dira obrak egiteko interesa duten hainbat enpresa. Udalak espero du esleipena abuztuaren amaieran ebaztea, lanak irailean hasi eta abendurako amaitu ahal izateko.
Jon Iraola Eibarko alkateak azpimarratu duenez, "gero eta gehiago eskatzen da zerbitzu hau, batez ere 2023-2024 ikasturtean doakoa bihurtu zenetik. Jarduera honekin aurrera egiten jarraitzen dugu hezkuntza-eskaintza zabaltzeko eta gure familien benetako beharrei erantzuteko konpromisoan. Inbertsio berri honek berretsi egiten du udalaren borondatea eskariari aurrea hartzeko, Eibarren familia eta lana uztartzeko eta, oro har, herritarrek helarazten dizkiguten beharrei erantzuteko”.
Obrak amaitutakoan, espazioak Haurreskolen Partzuergoari lagako zaizkio, eta hura arduratuko da haiek hornitzeaz eta martxan jartzeaz. Neurriak herriko hezkuntza-eskaintza handitzeaz gain, Eibarko familia askoren bizi-kalitatea hobetuko du, haurtzarotik aukera-berdintasuna bultzatuz.