Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek bat egiten du klima aldaketaren Euskadiko lehen astearekin

Eibarrek bat egiten du klima aldaketaren Euskadiko lehen astearekin

Jon Iraola, Ingurumen eta Hirigintzako zinegotzia, eta Vanesa Larrabide, Ingurumen teknikaria.

2019/02/28

Eibarko Udalak hainbat ekitaldi egingo ditu martxoaren 6tik 12ra bitartean, Ingurumen arloak antolatuta. Herritar guztiei eskainitako erakusketa, tailer eta mikrotopaketa batzuetan gauzatuko da klima-aldaketaren aurkako borroka Euskadiko berrogeita hamar udalerri ingurutan.

Eibarko Udalak, Ingurumen arloaren eskutik eta Eusko Jaurlaritzako ingurumen-kudeaketarako duen  Ihobe sozietate publikoaren laguntzari esker, martxoaren 6tik 12ra bitartean, Klima-aldaketaren Euskadiko lehen Astea dela-eta, hainbat ekitaldi gauzatuko ditu gure planetak gaur egun duen ingurumen-erronka handienaren aurrean konpromiso pertsonalak hartzeak duen garrantziaz eibartarrak jabetu daitezen, aldaketa klimatikoaren kontra egiteko konpromisoak, alegia.

Eibarren martxoaren 6an hasiko da Asteklima Unesco Etxearen “17 helburu gure mundua eraldatzeko” erakusketaren inaugurazioarekin; Portalean izango da, 19:00etan.

Unesco Etxeak antolatutako lehiaketa bat irabazi zuten hainbat artistek egindako 17 ilustraziorekin herritarrei Garapen Jasangarrirako 2030 Agendaren edukia eman nahi zaie ezagutzera, hau da, 2015eko irailean NBEak onartutako agenda. Beraz, arlo horretan Nazio Batuen Erakundeak planteatzen dituen 17 Helburuak ezagutzeko aukera izango da, besteak beste, pobreziaren amaiera, genero berdintasuna, produkzioa eta kontsumo arduratsuak edo klimaren aldeko ekintza.

Erakusketa martxoaren 27ra arte egongo da zabalik (astelehenetan izan ezik) Portaleko erakusketa aretoan 18:30etatik 20:30era.  Sarrera doakoa da.

Martxoaren 7an, Elisa Sainz de Murieta Basque Centre for Climate Change - BC3 zentroko ikerlariak hitzaldi bat eskainiko du aldaketa klimatikoak Euskal Herrian izan ditzakeen eraginez, non oraingo egoera eta gure lurraldean etorkizunean klima-aldaketagatik izan daitezkeen aldaketak izango dituen hizpide. Hitzaldia 18:30ean hasiko da eta euskaraz izango da.

Martxoaren 10ean, domeka, 18:30etik aurrera, Portaleko Aretoan Trokolo Teatrok “O me atiende ya, o me voy” ikuskizuna eskainiko du, gazte zein helduentzako antzerki-emanaldia (adin txikikoak lagunduta) . Umorezko ikuskizun bat da, aldaketa klimatikoarekin lotutako alderdi batzuk azpimarratu nahi dituena. Sarrera doakoa da eta ikuskizuna gaztelaniaz izango da.

Eta, azkenik, martxoaren 12an, 19:00etan, Coliseo antzokian “Una verdad muy incómoda: ahora o nunca” dokumentala eskainiko da, Bonni Cohenek eta Jon Shenkek zuzendua.

Hamar urte igaro dira Estatu Batuetako Al Gore lehendakariordeak berotze globalaren arazo larriaz jabetzeko egin zuen kanpainaren berri ematen zuen “Una verdad incómoda” 2006ko dokumental sonatuak Oscarra irabazi zuenetik, eta orain, “Una verdad muy incómoda: ahora o nunca” dokumentalak berriro heldu dio gai horri. Filmak hamar urte hauetan egindako aurrerapenak eta Al Gorek energia berriztagarrietan inbertitu dezaten munduko liderrak konbentzitzeko egin duen ahalegina islatzen du, amaieran Parisko Hitzarmenaren sinadura historiko hura gogora ekarriz.  Dokumentala gaztelaniaz da eta sarrera doakoa.

Herritar orori zuzendutako jarduera hauez gain, Eskola Agenda 21 proiektuan parte hartzen duten ikastetxeak ekitaldiotara gerturatzearren, ikastetxeetan ere jarduerak antolatuko dira aldaketa klimatikoaren inguruan.

 Klima-aldaketaren lehen Aste honekin Udalak eibartarrak kontzientziatu nahi ditu mundu osoan gertatzen ari den arazo larri honi buruz. Horretaz jabetuta, Eibarko Udaleko Ingurumen arloak jardunaldi honetan aurreneko urratsak emango ditu klima-aldaketaren kontrako Ekintza Plan bat garatzeko udalerri mailan, eta hasteko, Plan Energetikoa egingo da aldaketa klimatikoaren ondorioak leuntzeko arlo horretan ukitu beharko diren ekintza-lerro zehatzak jasotzeko.

etiketak: Eibar, Gazteklima