Eibarrek bat egiten du beste behin Euskadiko Klimaren eta Energiaren Asteklima ekimenarekin

Jardueren kartela.

Jardueren kartela.

2022/09/21

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bidez, hainbat jarduera egingo ditu Euskadin antolatuko den Asteklimaren barruan, irailaren 23tik urriaren 2ra. Aldaketa klimatikoaren aurkako borroka hainbat jardueraren bidez landuko da: tailerrak, hitzaldiak, txangoak, jolasak eta mikrotopaketak antolatu dira publiko guztientzat, Euskal Herriko 50 bat herritan.

Eibarko Udalak, Ingurumen Sailaren bitartez eta Ihobe Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Kudeaketarako Sozietate Publikoaren lankidetzarekin, hainbat jarduera burutuko ditu irailaren 25etik 29ra bitartean, Euskadiko Klima eta Energiaren Asteklimaren barruan.

Hala, eibartarrak aldaketa klimatikoaren eta konpromiso pertsonalak hartzearen premiaz sentsibilizatu nahi dira, izan ere, aldaketa klimatikoa da gaur egun gure planetak duen  ingurumen-erronka garrantzitsuenetako bat.

Eibarko Astekliman egingo den lehen jarduera igandean izango da (hilak 25), 9:00etan, Untzaga plazako harmailetan. Eibarko Baso Biziak elkarteak antolatuta, ginkana bat egingo da naturan altxorra bilatzeko. Jarduera hau familiei zuzenduta dago (6 urtetik beherako adingabeak). Bertan, Urko mendi magaleko ingurune naturalean 7,5 km inguruko ibilbidea eginez (zailtasun ertaina), eta hainbat pista bilatuz, haurrek inguruko ezaugarri naturalak ezagutu ahal izango dituzte. Gainera, ingurunea osatzen duten elementuak identifikatzen ikasi, eta intereseko hainbat leku bisitatuko dituzte, klima-aldaketaren aurkako borrokan natura- eta landa-ingurunearen kontserbazioak duen garrantzia agerian utziz.

Jarduera amaitzean, parte-hartzaileek ibilbidean zehar aurkitutako pistak Sosola baserrian utzi beharko dituzte, non doako hamaiketakoa eskainiko zaie.

Plazak mugatuak dira; hortaz, ezinbestekoa da aurretiaz izena ematea irailaren 22ra arte (egun hori barne). Izen-emateak taldeka egin ahal izango dira, eta talde bakoitzean 8 lagunek ere parte hartu ahalko dute. https://formularioak.eibar.eus/eu/asteklima estekan dagoen formularioaren bidez egin beharko dira inskripzioak.  Parte hartu ahal izateko beharrezkoa da emailez konfirmazioa jasotzea. Jarduera euskaraz izango da.

Halaber, irailaren 27an, 18:00etan, hitzaldi bat egongo da "La energía del futuro y el cambio climático" izenarekin, Portaleko Areto Nagusian. Saioa German Albistegui Mondragon Unibertsitateko Ingeniaritza Eskolako irakasleak emango du. Gaztelaniaz izango da eta 75 bat minutu iraungo du.  Bertan azalduko du nola erregai fosilen amaierak eta haien kontsumoari lotutako klima-aldaketak behartzen duten Trantsizio Energetiko bat egitera Energia Berriztagarrietarantz. Gainera, erregai fosilen eta energia berriztagarrien ezaugarrien errepaso labur bat egingo da, hausnarketa bat eginez horien arazoen eta etorkizunean izan dezaketen egoeraren inguruan. Izena emateko epea irailaren 27an amaitzen da.

Irailaren 28an (asteazkena), 18:00etan, herritarren partaidetzako tailer bat egingo da Portaleko A bilera-gelan, "Eibarko Ekintza Plana Klima eta Energia Jasangarrirako" izeneko plangintzaren eboluzioari buruz. Iaz hasi zen hura lantzen, eta herritarren partaidetzako bi saio egin ziren. Oraingoan, Planean aldaketa klimatikoaren aurka proposatutako neurrietako batzuk aurkeztuko dira.  Saioa bi hizkuntzatan egingo da eta beharrezkoa da izena ematea aurretiaz; epea hilaren 26an amaituko da (egun hori barne).

Azkenik, irailaren 29an (osteguna), 18:00etan, umeei zuzendutako "Niararen bidaia" antzezlana eskainiko da.  Anzerkia, txotxongiloak eta itzalen antzerkia tartekatzen dituen ikuskizun bat da, eta klima-aldaketak naturan duen eragina aztertzen du. Ikuskizun hau euskaraz da eta 3 eta 7 urte bitarteko umeei zuzenduta dago.  Sarrerak doakoak dira eta Coliseon eskura daitezke, astelehenetik ostiralera, 17:30etik 19:30era, edo Kutxabanken.

Euskadiko Klimaren eta Energiaren Astea 2019ko martxoan sortu zen, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailak bultzatuta, EEE eta Ihobe erakunde publikoen bitartez. Helburua herritarrak trantsizio energetiko eta klimatikoaren aurrean kontzientziatzea eta mobilizatzea da.