Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek bat egingo du beste behin Mugikortasunaren Europako Astearekin

Mugikortasunaren Europako Astea.

Mugikortasunaren Europako Astea.

2020/09/11

Horren harira, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak hainbat ekimen antolatu ditu irailaren 15etik 25era bitartean. Programatutako jarduera guztiak COVID-19ko segurtasun-protokolo zorrotzak betez egingo dira.

Eibarko Udalak Mugikortasunaren Europako Astearekin egingo du bat beste behin. Aurtengo leloa "Isurketarik gabeko mugikortasunaren alde” izango da.

Beste hainbat jarduera bezala, Mugikortasun Aste hau COVID-19aren pandemiak markatua dator, ezinbestean. Hori dela-eta, programatutako ekintza guztiak segurtasun-neurri zorrotzak betez egingo dira. Hain zuzen, Eibarko Udaleko Ingurumen Saileko zinegotzi Jon Irolak puntu hori azpimarratu nahi zian du ostiral honetan Mugikortasunaren Europako Astea aurkezteko egindako prentsaurrekoan. “Udalarentzat, garrantzitsuena jardueretan parte hartuko duten herritarren segurtasuna da. Horregatik, argi laga nahi dut COVID-19ari dagozkion segurtasun-neurri zorrotzak hartuko direla”.

Aurrekoa kontuan hartuta, eta beste urte batez eibartarren artean mugikortasun jasangarriago bat bultzatzeko asmoz, Eibarko Udaleko Ingurumen Sailak, pandemia dela-eta, beste batzuetan baino jarduera gutxiago antolatu ditu, eta bereziki arrakasta gehien izan dutenak berreskuratu ditu.

Hala, Nordic Walkingaren hastapen-ikastaro bat egingo da, Kirol Patronatuarekin eta Eibarko Klub Deportiboko Mendi Sailarekin batera antolatu dena. Ikastaroan, ikasleek jarduera honen onurak ezagutu ahalko dituzte, eta Nordic Walkingaren lehen pausoan eman.

Bi talde egongo dira (bata goizez eta bestea arratsaldez) eta saioak ordu eta erdikoak izango dira (goizez 10etatik 11:30era eta 18:00etatik 19:30era) irailaren 15 eta 17an. Ikastaroa Unbeko Kiroldegian egingo da.

COVID-19aren ondorioz, talde bakoitzak oso edukiera murriztua izango du, eta gehienez 10 lagun izango dira. Parte hartzeko, ezinbestekoa da izena ematea, 943 708408 telefono-zenbakira deituz edo posta elektronikoz:  ingurumena@eibar.eus

Izena emateko epea datorren astelehenean, hilak 14, amaituko da. Ikastaroa doan izango da.

Eibarko Ingurumen Sailak interesatuta dauden eibartarrak animatu nahi ditu izena ematera eta kirol-modalitate hau ezagutzera.

Halaber, Nordic Walkingeko bi ibilaldi antolatu dira.

Lehena, irailaren 19an izango da eta 10etan abiatuko da Untzaga Plazatik. Ibilbidea honako hau izango da: Untzaga- Ipurua- Unbe- Txonta- Untzaga, guztira 8 bat kilometro.

Bigarrena, irailaren 25ean izango da eta 16:30ean abiatuko da Untzagatik baita ere. Ibilbidea honako hau izango da: Untzaga- Amaña- Xoxola- Arrajola- Jardilñeta- Untzaga, eta lehenean bezala, 8 bat kilometro izango dira.  

Ibilaldietan parte hartu nahi duten pertsonek izena eman beharko dute, 943 708408 telefono-zenbakira deituz edo posta elektronikoz: ingurumena@eibar.eus, eta epea irailaren 18 edo 24ra arte egongo da zabalik, hurrenez hurren (bi egun horiek barne).  COVID-19aren ondorioz, talde bakoitzak oso edukiera murriztua izango du, eta gehienez 10 lagun izango dira.

Ibilaldi bakoitzaren aurretik, eta nahi duenak, Nordic Walkingeko makilak hartu ahal izango ditu; horretarako, NANa aurkeztu beharko du. Bi ibilaldiok doakoak dira.

Bestalde, irailaren 19an (larunbata), Untzaga Plazan, 10:30etik 14:00etara, bizikleten eta mugikortasunarekin lotutako beste artikulu batzuen salerosketa-azoka jarriko da martxan; aurten bizikleta eta patineteetan zentratuta egongo da.

Merkatuaren arrakasta guztion parte hartzean datza, izan ere, helburu nagusia da bizikleta eta patineteak berrerabiltzea. Beraz, adin nagusiko herritar guztiak gonbidatuta daude salerosketa-azoka honetan parte hartzera.

Aurten, COVID-19a dela-eta, zerbait salgai jarri nahi duenak 943 670249 telefono-zenbakira deitu beharko du irailaren 18ra arte izena emateko, eta ematen dizkioten jarraibideei kasu egin beharko die. Azoka-egunean, 8:30etik 10:30era bitartean joan beharko du saldu nahi dituen gauzak gordailuan lagatzeko.

Gauza horiek gordailu-zerbitzuan geratuko dira erregistratuta, saltzaileak egoki deritzon prezioarekin, eta salgai jarriko dira. Antolaketa-taldea arduratuko da objektuok zaindu eta saltzeaz, merkatua zabalik dagoen bitartean, 10:30etik 14:00etara.  Azoka ixtean, 14:00etan, saltzaileak azokara itzuliko dira salmentaren dirua edo saldu ez diren artikuluak jasotzera.

Ez da onartuko 500 eurotik gorako preziorik. Zerbitzua doakoa izango da.

Iraolak adierazi du merkatu honen bidez, eibartarren mugikortasun jasangarria sustatzeaz gain, Ekonomia Zirkularraren beste kate-begi bat bihurtzen garela, aukera emanez behar edo nahi ez ditugun bizikletak eta bestelakoak erosteko eta, hala, bigarren bizitza bat emateko, berehala Garbigunen amaitzea saihestuz.

Azokari buruzko informazio gehiago nahi duenak 943 670249 telefono-zenbakira dei dezake.

Halaber, bizikletak konpontzeko doako tailer bat egongo da Untzaga Plazan, 10:30etik 14:00etara, Debabarrena Txirrindulari taldeak antolatua.

Azkenik, irailaren 19an (larunbata), AUTORIK GABEKO EGUNA izango da eta Udalbus zerbitzua doakoa izango da Eibar, Azitain, Amaña eta Eibar-Arrate barruan egin beharreko ibilbideetan.

Jarduera horiekin guztiekin, beste behin, Mugikortasun Jasangarriaren Europako Astearekin bat, Udalak gure ingurunearekin jasangarriago izango den mugikortasun-eredu bat sustatu nahi du Eibarren, berriz ere gogoraraziz programatutako jarduerak indarrean dauden COVID- 19ren aurkako prebentzio-neurriak zorrotz betez antolatuko direla, parte-hartzaileak segurtasun osoz eta lasaitasunez senti daitezen.