Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarrek bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko Egunarekin

2017/11/22

Udalak bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko adierazpenarekin eta herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditu larunbatean, azaroak 25, Untzaga plazan egingo den elkarretaratzera, 20:00etan.

Datorren larunbatean, azaroak 25, ospatuko den Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunarekin bat egin du Eibarrek beste behin. Horretarako, ekimen erreibindikatibo eta dibulgatzaileak antolatu dira, hala nola, Emakumeenganako indarkeriaren aurkako Nazioarteko adierazpenaren aldeko udalaren atxikimendua eta larunbatean bertan Untzaga plazan egingo den elkarretaratzea indarkeria matxistaren aurka, 20:00etan. Aldez aurretik, larunbatean bertan, Portaleako Areto Nagusiak 'Volar' izeneko dokumentalaren emanaldia eta solasaldia hartuko ditu, 18:00etan; dokumental hori asteartean, azaroaren 21ean, eskaini zen ere Coliseoan. Halaber, udalak herritar guztiak parte hartzera gonbidatzen ditu larunbateko elkarretaratzean.

Azaroaren 25eko ospakizunaren programazioa azaro osoan zehar garatu da Eibarren. Ondorengo ekimenak antolatu dira: zine-foroa "La bicicleta verde" izenburupean, azaroaren 3an, Portalean; Jabetze Eskolako autodefentsa feministaren tailerra azaroaren 4an eta 5ean, Portaleko dantzalekuan; 'En sus zapatos' antzezlana hilaren 22an, Coliseoan, 20:00etan; edota Portalean egingo diren "Tratu onaz hitz egin dezagun" saio irekiak, azaroaren 9an, 16an eta 23an.

Ondoren, abenduaren 2an, Beldur Barik Topaketa Orokorra egingo da Eibarren. Egun horretan, beste hainbeste tailer, kalejira, sari-banaketak eta askoz gehiago izango dira. Azkenik, azaroaren 14an, Portaleko Areto Nagusian, "Genero Indarkeriaren epailearen errealitatea" hitzaldi irekia eskainiko da, 17:00etan.

Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalaren aldeko atxikimendua

Gainera, Udalak, beste behin, bat egin du Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Egunaren Adierazpen Instituzionalarekin; Udal Talde guztiek aho batez onartu dute. Hala, Udalak konpromisoa hartzen du "agenda politikoan indarkeriak eragindako emakume biktimekiko erreparazio-eskubidearen aitortza eta horri buruzko hausnarketa sartzeko, guztiz osatu daitezen eta indarkeriarik gabeko bizitza-eskubidea gauzatu ahal dezaten".

Hitzarmen horrek bere gain hartzen ditu, era berean, honako neurri hauek: "udalean plan eta neurri estrukturalak hedatzen eta hobetzen jarraitzeko edo, hala badagokio, abian jartzeko, indarkeria matxistari aurre egitea xede, emakumeen kolektiboekin eta kolektibo feministekin batera, bai halaber gizarte zibilarekin eta herritarrekin oro har"; "konpromisoa gizartean aldaketa estrukturala bultzatzeko"; eta "gure ardura, indar politiko guztien eta erakundeen adostasunaren bitartez, beharrezkoak diren baliabideak eskura izan daitezen, xedea izanik emakumeen aurkako indarkeria gure gizartetik desagerrarazten aurrera egitea".

Hitzarmenak, halaber, aurten aipamen berezia egin du "Raquel, 45 urteko eibartarra, eta bere seme Markel, 11 urtekoa gogoratzeko. Maiatzaren 2an erail zituzten biak, Indarkeria Matxistaren erruz".

'Emakumeenganako indarkeriaren kontrako Nazioarteko Eguna' adierazpen instituzionalaren dokumentua osorik ikusteko SAKATU HEMEN.