Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko udaltzainek formazioa jasoko dute herritarrei eskaintzen dieten arreta hobetzen jarraitzeko

Artxiboko irudia.

Artxiboko irudia.

2022/05/16

Agente asko jubilatzen ari direnez eta berriak sartzen, tailer batzuetan parte hartuko dute plantillaren belaunaldi-aldaketa gertatzen ari den une honetan. Ekimenak indartu egin nahi du herritarrengandik gertukotzat hartzen den arreta-zerbitzuaren bokazioa.

Eibarko udaltzainek hainbat tailerretan hartuko dute parte, herritarrei eskaintzen zaien arretaren kalitatea hobetzeko tresnak eskuratzeko. Udalak ikastaro hauen bidez lortu nahi duen helburua da segurtasun-kidego hori herritarrengana are gehiago hurbiltzea; izan ere, Udaltzaingoa da bizilagunekin harreman estuena duena, eta formazio honen bidez herritarrei zerbitzua emateko bokazioa indartu nahi da.

Udaltzaingoan une honetan jubilazio asko daude, eta horren ondorioz, agente berriak sartzen ari dira. Testuinguru horretan antolatu da ekimena.

Tailer hauen helburu metodologikoak, besteak beste, hauexek dira: Udaltzaingoaren jarduera pertsonala nahiz kolektiboaren inguruan formazioa ematea, sentsibilizatzea, hausnartzea eta aldatzea.

Zer suposatzen duen udaltzain izatea Eibarren, autokontrola, eta harremanetako autoerregulazioa izango dira, beste alderdi batzuen artean, ikastaroan landuko diren gaiak.

Jon Iraola Eibarko alkatearen berbetan, tailer hauek garrantzitsuak dira, “kontuan izan behar dugulako Udaltzaingoa dela herritarrengandik gertuen dagoen agintea, eta, horregatik, funtsezkoa da agenteek ematen duten arreta ahalik eta hurbilena eta adeitsuena izatea".

Aspaldidanik, Eibarko Udala hainbat tailer eta ikastaro eskaintzen eta ematen ari zaie langileei, beren zereginak behar bezala betetzeko tresna egokiak emanez, ahalik eta modu profesional eta eraginkorrenean jardun dezaten.