Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalaren adierazpen instituzionala, Eibarren langile bat lan istripuz hil dela eta

Eibarko Udala.

Eibarko Udala.

2022/03/30

Eibarko Udalaren Bozeramaileen Batzordeak honako adierazpen instituzionala onartu du atzo Eibarren izandako lan istripu baten ondorioz langile baten heriotza deitoratuz:

  • Eibarko Udalak atsekabez hartu du astelehenean Eibarren izandako lan-ezbeharraren ondorioz langile bat hil izana eta elkartasuna helarazi nahi die langilearen senideei, lankideei eta lagunei. Aldi berean publikoki salatu nahi du eta gaitzespena adierazi, heriotza eragiten duten lan ezbeharrak direla eta.
  • Eibarko Udalak adierazi nahi du erakundeek nahiz elkarte pribatuek eskura dituzten bitarteko guztiak jarri behar dituztela lan istripuak ekiditeko, lan mota guztietan lehentasuna behar baitu izan lan-segurtasunak.
  • Eibarko Udalak berresten du pertsonak, eta batez ere langileak, direla gure herrialdearen garapen sozial eta ekonomikoaren muina. Horregatik jotzen du ezinbestekotzat lan-osasunari eta segurtasunari buruzko kanpainak bultzatzen jarraitzea, bai eta lan-arriskuen prebentziorako arauak betearaztea ere. Lan istripuak gure sistema ekonomiko-sozialaren egiturazko arazo bilakatu dira. Lan-arriskuen aurkako defentsarik onena prebentzioa eta prestakuntza dira, horien bidez lortzen baitute langileek ongizatea, ezagutza eta segurtasuna.
  • Horregatik guztiagatik, erakunde eta elkarte pribatu guztiei berriz ere eskatzen die lan-arriskuen prebentzioan jardunbide egokiei buruzko proiektuetan lagun dezatela, lan-administrazioarekin eta erakunde sindikal zein patronalekin koordinazioan, eta laneko segurtasunaren eta osasunaren aurkako delituak jazar ditzatela, baita ikuskapen funtzioak gehitu eta hobetu ere.
  • Eibarko Udalak, era berean, lan-ezbehar hauek salatu eta familiarekiko elkartasuna adierazteko ekimen guztietara atxikitzen da.

Eibarren, 2022ko martxoaren 30ean.