Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak www.erosieibarren.eus plataforma digitala jarri du martxan, Eibarko dendetan erosketak online egiteko

'Erosi Eibarren' ekimenaren irudia.

'Erosi Eibarren' ekimenaren irudia.

2021/04/15

Udalak, iaz, pandemiaren ondoriozko behar sozioekonomikoei aurre egiteko onartu zuen 2020ko Talka Planean txertatuta, 45.000 euro jarri zituen proiekturako, etxez etxeko banaketa barne. Aurten beste 25.000 euro jarriko ditu plataforma sendotzeko. www.erosieibarren.eus plataformak herriko 26 denda izango ditu estreinako agerraldi honetan, eta laster denda gehiago sartzen joango dira.

Apirilaren 15etik aurrera (osteguna), Eibarko bizilagunek eta gure herritik kanpoko pertsonek erosketak beren konfiantzazko dendan egin ahal izango dituzte Internet bidez, Marketplace www.erosieibarren.eus helbidean.

Horrela, Eibarko merkataritzak, Eibarko Udalaren eta Eibarko Merkataritza Gune Irekiaren laguntzarekin, pauso sendoa eman du digitalizazioaren aldeko apustuan, kontsumo-ohitura berrietara egokituz eta bezeroei erosketa-kanal berri bat eskainiz.

www.erosieibarren.eus plataformak herriko 26 denda izango ditu estreinako agerraldi honetan, eta laster denda gehiago sartzen joango dira. Batzuek interesa erakutsi dute dagoeneko, eta plataforma zabalik egongo da geroago sartu nahi dutenentzat.

Plataforman parte hartzen duen denda bakoitzak 59 euroko hileko kuota ordaindu beharko du. Hala ere, lehenengo 6 hilabeteetan 29 euro ordaindu beharko ditu hilean, denbora horretan Udalak bere gain hartuko baitu denda bakoitzaren hileko kuotaren 30 euro.

Jon Iraola alkatearen hitzetan, “guztion ardura da gure hiria bizirik mantentzea eta, horregatik, oso garrantzitsua da bertako dendetan kontsumitzearen aldeko apustua egitea. Gainera, plataforma honi esker, erosketa-aukerak jende kopuru handiago bati emateaz gain, gure herriko dendak egungo kontsumo-ohituretara egokituko dira, batez ere, pandemiaren ondorioz, online erosteko joera handitu egin baita.”

Ana Telleria Garapen Ekonomikoko zinegotziak nabarmendu duenez, “ekimen honek aukera ematen du Eibarko merkataritzari digitalizatzeko beharrezko tresnak eta laguntza emateko, baita gure dendek eskaintzen dituzten produktuak eta zerbitzuak ikusarazteko ere”.

Ekimen honen helburua da Eibarko merkataritza ‘Marketplace’ baten barruan egotea. Bertan, komunitatean salduko du, hau da, erabiltzaile batek hiriko hainbat establezimendutan erosi ahal izango du ‘Marketplace’ horretan, orritik atera gabe, eta erosketa guztiak batera jasoko ditu erabiltzaileak berak aukeratzen duen bidalketa-modalitatean.

Erosketari dagokionez, herritarrak plataforma bidez egin ahal izango du erosketa eguneko edozein unetan, edo telefonoz egiteko aukera ere izango du (747400917), 10:00etatik 13:00etara deituta.

Bestalde, erositako produktuaren banaketari dagokionez, hasiera batean Eibarko Udalak berak finantzatuko du Eibar barruan egiten diren etxeko bidalketen ordainketa.  Hala, hasierako merkaturatze-kanpainan, Eibar barruan egiten diren lehen 2.100 bidalketak doakoak izango dira.

Etxez etxeko banaketa ekologikoa eta tokikoa izango da, Eibarko langileak izango baititu eta, ahal dela, trike edo bizikleta elektriko baten bidez egingo da. Eskaera handia denean, motozikleta bat ere erabiliko da.

Online erosteko plataforma hau Udalak eta ECCAk sinatutako lankidetza-hitzarmen baten ondorioz gauzatu da eta B-Lokal enpresak garatuko du, plataforma digitala sortzeko orduan, dendak edo establezimenduak erakartzeko unean eta erosketa digitaleko prozesu osoan egon den enpresa.