Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak Osakidetzaren esku jarri ditu Torrekuako anbulatorioa eta Ipuruako azokaren eraikina

Torrekuako anbulatorio zaharra.

Torrekuako anbulatorio zaharra.

2020/03/20

Halaber, Eibarko hiru hotelek beren azpiegiturak edota altzariak Euskal Osasun Zerbitzuaren esku jartzeko Udalari egin dioten eskaintza helarazi dio Miguel de los Toyos alkateak Osakidetzako zuzendariari gaur igorri dion gutunean. Bere aldetik, Uni Eibar-Ermuaren egoitza-zentroa prest dago bere azpiegiturak eskaintzeko, betiere Hezkuntza sailetik jasotzen dituen argibideen arabera.

Miguel de los Toyos alkateak idatzi bat bidali dio Osakidetzari, Eibarko Udalaren izenean, Euskal Osasun Zerbitzuaren eskura jartzeko Torrekuako anbulatorio zaharra eta Ipuruako merkatuko eraikina, "biak ere udal-jabetzakoak, eta, beren ezaugarri eta azken erabilerengatik osasungune bihur daitezkeenak", koronabirusaren hedapenak eragindako osasun-krisiaren aurrean.

De los Toyosek idatzian hauxe adierazi du: “euskal ospitaleetan eskainitako osasun-arretan Covid-19a sortzen ari den zailtasunen aurrean, eta Osakidetza beharrezko baliabide material eta pertsonal guztiak emateko izaten ari den zailtasunaz jabetuta, lerro hauen bidez helarazi nahi dizut Eibarko Udalak eta hiri osoak Osasun Zerbitzu horri egin nahi dion eskaintza”.

 

Eskaintzan sartzen dira, batetik, joan den urtera arte Osakidetzak kudeatzen zuen Torrekuako osasun zentroa, eta, bestetik, Ipuruako merkatu zaharreko eraikina, duela hilabete batzuk arte Osasun Sailari atxikita zegoena. Bi eraikinen jarduera orain dela gutxi aldatu zen Subakutuen Ospitale berrira, eta, beraz, bi eraikinak erabilerarik gabe eta udalaren titulartasunaren pean geratu ziren.

 

Bestalde, hainbat ekimen pribatuk Udalari egindako eskaintza ere helarazi dio alkateak Osakidetzari; horiek ere prest daude beren azpiegiturak edota altzariak Euskal Osasun Zerbitzuaren esku jartzeko "modu desinteresatuan eta erantzukizun sozialaren adibide gisa". Eibarko hiru hotelak dira: Unzaga Plaza, Eibarrooms eta Ixua. Bere aldetik, Uni Eibar-Ermuaren egoitza-zentroa prest dago bere azpiegiturak eskaintzeko, betiere Hezkuntza sailetik jasotzen dituen argibideen arabera.

Eskaintza horien berri izan ondoren, alkateak eskerrak eman dizkie hiru hotel-establezimendu horiei, izan ere, horrek "agerian utzi du ekimen pribatuaren eta, oro har, Eibarko biztanleriaren elkartasun- eta inplikazio-maila izurrite honen aurkako borrokan baliabideak jartzeko". Era berean, Udalak "jarraituko du eskura dituen neurri guztiak hartzen, bai sanitarioak bai sozialak bai ekonomikoak, koronabirusaren ondorioak arintzen saiatzeko".

Osakidetzari bidalitako gutunean, Miguel de los Toyosek espero du Eibarko Udalak eta ekimen pribatuak egindako eskaintza horiek "baliagarriak izatea eta, ahal den neurrian, Euskal Osasun Zerbitzuaren beharrak arintzen laguntzea"; aldi berean, berriz ere osasun-zerbitzuei bere laguntza berresten dio muturreko egoera honen aurrean.