Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak laugarren urtez antolatu du balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketa

Lehiaketaren kartela.

Lehiaketaren kartela.

2022/05/26

Parte hartu nahi dutenek ekainaren 8ra arte eman dezakete izena, gaurtik hasita (hilak 25). Bi sari egongo dira herri mailan, bata 200 eurokoa eta bestea 150ekoa, eta beste sari bat, 250 eurokoa, eskualde mailakoa izango da, ekimena Ermua, Elgoibar eta Mutrikun ere egingo baita.

Eibarko Udalaren Ingurumen Sailak balkoiak eta leihoak edertzeko lehiaketan parte hartzera gonbidatzen ditu eibartarrak. Laugarren urtez antolatu da lehiaketa Debegesa eskualdeko Garapen Agentziarekin elkarlanean.

Lehiaketaren helburua da, herritarren partaidetzaren bidez, Eibarko ingurumen-kalitatea eta estetika hobetzen laguntzea; izan ere, landareek eta loreek hiri-ingurune atseginagoa eta estetikoagoa sortzen laguntzen dute.

Lehiaketan parte hartu nahi dutenek aldez aurretik izena eman beharko dute gaurtik hasi (maiatzak 25) eta ekainaren 8ra arte, Herritarrentzako Zerbitzu Bulegora (PEGORA) joanda (astelehenetik asteazkenera: 8:30-14:00 eta 15:00-19:00. Ostegun eta ostiraletan: 8:30-14:30) edota Udalaren web-orrian edo liburuxkaren QRean eskuragarri egongo den (https://formularioak.eibar.eus/es/balkoiak2022)  formularioa beteta.

Bi sari egongo dira herriko parte-hartzaileentzat, bata 200 eurokoa eta bestea 150 eurokoa, Eibarko Merkataritza Zentro Irekiaren saltokietan erabiltzeko.  Gainera, ekimena Ermua, Elgoibar eta Mutrikun ere egingo denez, 250 euroko sari bat emango zaio eskualdeko irabazleari hura bizi den herriko saltokietan erabiltzeko.

Lehiaketaren inguruko informazio gehiago nahi izanez gero, 943 708408 telefonora deitu daiteke edo mezu bat bidali ingurumena@eibar.eus helbidera. Oinarriak www.eibar.eus udal webgunean kontsulta daitezke.

Epaimahaiak ekainaren bigarren hamabostaldian bisitatu eta baloratuko ditu parte hartu duten balkoi eta leihoak, eta multzo ederrena sarituko du. 

Kanpoko landareak zaintzeko tailerra

Bestalde, ekainaren 2an, 18:00etatik 19:00etara tailer bat egingo da Portalean, eta kanpoko landareei buruzko gaiak aztertuko dira bertan. Besteak beste, gai hauek jorratuko dira: substratu motak, ongarri kimikoak edo organikoak erabiltzea, landareen kokapenaren arabera zenbat ur behar duten, lorontzi motak eta zer lore mota aukeratu tokiaren arabera. Halaber, gehien erabiltzen diren lore moten ezaugarriak azalduko dira.

Tailerra euskaraz emango da, eta plazak mugatuak direnez, parte hartzeko beharrezkoa da maiatzaren 25etik 30era bitartean izena ematea eta Ingurumen Sailaren baieztapena jasotzea.

Izena eman daiteke Herritarrentzako Zerbitzu Bulegora (PEGORA) joanda (astelehenetik asteazkenera: 8:30-14:00 eta 15:00-19:00. Ostegun eta ostiraletan: 8:30-14:30) edota Udalaren web-orrian euskaraz eskuragarri egongo den (https://formularioak.eibar.eus/eu/kanpokoloreak  formularioa beteta.

Ikasleen hautaketa izen-emateen hurrenkeraren arabera egingo da, eta onartutako pertsonen zerrenda eskuragarri egongo da PEGORAn (Herritarrentzako Zerbitzu Bulegoan) eta Udalaren web-orriko abisuen atalean (www.eibar.eus), 2022ko maiatzaren 31tik aurrera, 12:00etan.