Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak lau ikastetxetan egin ditu hobetze-lanak 2023an

Amañako eskolako artxiboko irudia.

Amañako eskolako artxiboko irudia.

2023/12/28

Obren Sailak 164.000 euro gastatu ditu, bereziki hezetasunak kentzen eta irisgarritasun-lanak egiten. Ingurumen Sailak patioetan egin ditu lanak, Eibarko Klima eta Energia Jasangarrirako (2022-2030) Ekintza-Planaren ildoei jarraituz.

2023an, Eibarko Udalak hainbat konponketa- eta hobekuntza-lan egin ditu lau ikastetxetan. Obren Sailak 164.000 euro inbertitu ditu, batez ere hezetasunak eragindako kalteak konpontzen, eta Ingurumen Sailak patioak berritzen, Eibarko 2022-2030 Klimarako eta Energia Jasangarrirako Ekintza Planaren ildoei jarraituz. Lan gehienak udan egin ziren, eta azken bi obrak Gabonetako oporrak aprobetxatuz egingo dira.

Diru-kopuruaren zati handi bat erabili da San Andres eta Amañako ikastetxeetan hezetasunak ezabatzeko. Gainera, San Andres Ikastetxeko bigarren solairuan geletan obrak egin dira, ikastetxeko gelen arteko irisgarritasuna eta komunikazioa hobetze aldera.

Bestalde, ikastetxeetako jolastokiak berritu eta hobetu egin dira, inklusiboagoak bihurtu eta birnaturalizatzeko xedez. Ekimen hau Eibarko Klimarako eta Energia Jasangarrirako (2022-2030) Ekintza Planaren barruan kokatu behar da. Plan horretan ezartzen dira zein diren berotegi-efektuko gasen emisioak murrizteko eta udalerria klima-aldaketaren ondorioetara egokitzeko jarraitu beharreko jarduera-ildoak. Hala, Urkizuko Ikastetxean patioko gune bat berregokitu egin da, eta horri esker hainbat espazio sortu dira: gune batean mahaiak, eserlekuak eta harmaila batzuk jarri dira jarduera lasaiagoetarako; beste gune batean frontoi txiki bat eta natur jolasak eta  hiru gune landareekin. Amañako Ikastetxean osatu egin da iaz helburu bererako egin zen obra.

Udan egindako obrei Gabonetako oporretan egin beharreko beste bi lan gehitu behar zaizkie: metalezko zutabe bat jartzea Urkizuko Ikastetxean hegala indartzeko eta Argatxa Eskolara sartzeko ate berri bat jartzea Argatxako lorategien goiko pasillotik, eraikinaren irisgarritasuna hobetzeko.