Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak hiri-altzariak desinfektatzeko lanak indartu ditu, lan horietara langile gehiago bideratuz

Eibar.

Eibar.

2020/04/08

Bihartik aurrera, lan horiek egingo dituen Udal lantaldearen langileen kopurua 11ra igoko da, Eibarko eremu guztietan kontaktua izateko arrisku handiena duten azalera edo azpiegitura guztien desinfekzioa areagotzeko. Duela 15 egun baino gehiago, Udalak beharginen lanaren berrantolaketa egin zuen helburu horrekin, eta egunero jarraituko dute lanean, Aste Santuko jaiegunak barne.

Eibarko Udalak, Eibarko kaleen osasungarritasuna bermatzeko lanean jarraitzeko asmoz, Udal Brigadako langileak egiten ari diren desinfekzio-lanak indartu ditu, kontaktu gehien duten azalera eta azpiegitura guztietan egon daitekeen COVID-19 birusa ahalik eta gehien kenduz.

Horrela, bihartik aurrera, lanak egingo dituzten pertsonen kopurua 7tik 11ra igoko da, desinfekzio-lanak bermatzeko, bai Eibarko erdigunean, bai auzo guztietan. Eguneroko lana Aste Santuko jaiegunetan ere egingo da, modu intentsiboan, 7: 30etik 14: 00etara.

Duela 15 egun baino gehiago, Udalak Udal Lantaldearen beharginen lana berrantolatu zuen, alarma-egoera indarrean dagoen bitartean ildo horretan lan egiteko. Lanak hasi zirenetik, desinfektatze-lanak egiten ari dira sodio-hipokloritoarekin (tokiak desinfektatzeko eraginkortasun handiko konposatu kimikoa) kontaktu gehien duten azalera edo azpiegituretan, hala nola baranda, eskudel, igogailu, eskailera eta hondakinen edukiontzietan.

Hasieratik, langile guztiek izaten ari dira beharrezko babes-ekipamendu guztia, lanak segurtasun osoz egin ahal izateko.

Eibarko Udala Debabarreneko Mankomunitatearekin koordinatzen ari da, desinfekzioa ahalik eta osoena eta exhaustiboena izan dadin.Hala, Mankomunitatea, bere aldetik, egunotan jende gehien pilatzen ari den guneetan ari da lan horiek egiten, hala nola ospitale, supermerkatu eta espaloi inguruetan eta baita edukiontzietan ere.

Horrela, osasun-krisiak eragindako behar espezifiko eta premiazkoen aurrean, Udal Brigadak lanean jarraituko du hemen zehaztutako helburuekin, eta, eginkizun horietaz kanpo, larrialdiko kasuei baino ez die erantzungo.