Eibarko Udalak herriko enpresei laguntzeko beste laguntza deialdi berri bat kaleratu du, langabeak kontratatzeko
Eibarko Udalak, Enplegua, Garapen Ekonomikoa eta Berrikuntza Sailaren bidez eta Lanbiderekin elkarlanean, langabeak kontratatzeko laguntza-deialdi berri bat jarri du abian; Eibarko enpresak indartzea eta eibartarrek lana bilatzeko dituzten aukerak gehitzea helburutzat hartuta.
Deialdi berri honekin Eibarko Udalak agerian utzi du bere konpromiso irmoa: neurriak hartzea enplegurik ez duten pertsonek beharra izateko aukera gehiago izan dezaten.
Deialdi berri honekin –42.000 euro zuzenduko dira– Udalak diru-laguntzak emango dizkie Eibarko langabetuak kontratatzen dituzten herriko enpresei, laguntzok emateko irizpide eta baldintza batzuk jarrita. Kontratatuko diren pertsona horiek Eibarren erroldatutakoak behar dute izan, horixe da aurreneko baldintza.
Kontratazioen beste ezaugarrietako bat hauxe da: diruz lagunduko diren kontratu horietako hiru 55 urtetik gorako pertsonak kontratatzeko direla. Horrela lehenespena ematen zaio lana bilatzeko zailtasun handiak dituen langile-kolektibo horri. Kontratuetako bat gutxienez emakume bat hartzeko izango da.
Deialdi honek badu beste helburu bat ere: enplegu egonkorragoa sortzea, kalitatekoa, izan ere, egingo diren kontratu guztiak lanaldi osokoak eta gutxienez 6 hilabetekoak izango baitira.
Udalak lagunduko du diruz 2016ko maiatzaren 30era arte kontratatutako pertsonen soldata-kostuen eta gizarte-segurantzako kostuen % 75. Enpresa bakoitzari, gehienez 6.000 euro emango dizkio. Enpresek, diru-laguntza hauek eskatzeko duten epea, urte honetako martxoaren 4an amaitzen da.
Hauxe azpimarratu behar da: Udalak, diru-laguntzak emateko orduan, puntu gehiago emango dizkiela industria-sektoreko enpresei, 15 behargin baino gutxiago dituztenei edo kontratu indefinituak egiten dituztenei. Beraz enpresa txikiak dira bereziki lagundu nahi direnak, eta zehatzago esatearren, krisi ekonomikoaren ondorioak modurik latzenean sufritzen ari den sektoreko enpresak.
Urte honetan kontratazioak egiteko ateratzen den lehenengo laguntza-deia hauxe bada ere, Udalak, 2016an, honez gain, beste deialdi batzuk ateratzeko asmoa du, ahal duen neurrian behintzat, eibartar guztiek lana izateko aukerarik handiena izan dezaten.
Deialdia kontsultatzeko eta eskaera orria deskargatzeko, SAKATU HEMEN.