Eibarko Udalak hainbat hobekuntza-lan egingo ditu Urkiko jubilatu-etxean

Jubilatu-etxearen argazkia.

Jubilatu-etxearen argazkia.

2022/06/01

Proiektuak, datorren astean lizitaziora aterako dena, 100.000 euro inguruko kostua izango du (BEZa barne) eta honako obrak egingo dira: sarbideko irisgarritasuna hobetu, komun egokituak sortu eta sukaldea eta tabernako barra berritu. Jarduera Udala jubilatuen etxeetan egiten ari den hobekuntza-planen parte da; Untzagan eta Beheko Tokiari lagatako lokalean ere egiten ari dira lanak.

Eibarko Udalak dagoeneko badu Urkiko Jubilatuen Etxea hobetzeko proiektua; hauek izango dira egingo diren lanak: sarbidea eraberritzea sarrerako mailak kentzeko, komunak osorik berritzea irisgarriak eta egokituak izan daitezen, eta sukaldea eta tabernako barra berritzea.  Lanen kostua 100.000 euro ingurukoa izan da (BEZa barne).  Egindako proiektua aztertu ondoren, datorren astean irtengo da lizitaziora.

Jon Iraola alkateak adierazi duenez, “jubilatu-etxeetan aisialdirako eta sozializaziorako egokiera  topatzen dute pertsona askok. Han ematen dute denbora. Horregatik egiten ari gara ahalegina Udaletik, gure aurrekontu-ahalmena aintzat hartuz, beharrezkoak diren lanak gauzatzeko jubilatu-etxeak erosoak eta irisgarriak izan daitezen eta gure nagusiek behar dituzten baldintzak bete ditzaten".

Hala, lokalaren irisgarritasuna hobetzeko jarduketari dagokionez, aldagelen zati bat kendu eta espazioa handitu egingo da sarbideko kota espaloiko kotara iritsi arte goratuz, eta arrapala bat egingo da % 10eko malda batekin sarbidea emateko eta kafetegiaren kotara iristeko.  Halaber, Irisgarritasun-araudia betez, lokalaren sarrerako atea handituko da.

Komunei dagokienez, eraitsi egingo da oraingo instalazioa eta berritu egingo dira aparatu sanitarioak, txorrotak, iturgintzako instalazioak eta elektrizitatekoak, bai eta aireztapena ere; komun berri bat egingo da komun-aurrea eta komuna izango dituena, hala, elbarrientzako irisgarritasun-araudia betez.

Gainera, barra eta tabernako sukaldea oso egoera txarrean daudenez, aldaketak egingo dira bi toki horiek egokitzeko: barraren barruko trenkadak eraitsiko dira eta bai sukaldeko bai barrako zoruak eta azulejuak aldatu; elektrizitate- eta saneamendu-instalazioak ere hobetuko dira.  Azkenik, lokal osoa pintatuko da.

Lan hauek guztiak, aurreikuspenen arabera, uda partean egongo dira traba gutxien egiteko, udako hilabeteetan jende gutxiago ibiltzen da-eta.  Asmoa da obra aurtengo irailerako egotea amaituta. 

Obrak beste jubilatu-etxe batzuetan

Urkiko Jubilatu Etxeko instalazioen eraberritze-proiektu hau ez da bakarra; Untzaga Zentro Sozialean eta Beheko Tokian ere obrak egiten ari dira (biak batuta inbertsioa 190.000 eurokoa da), Udalak jubilatu-etxeak eraberritzeko eta handitzeko sustatutako planaren barruan. 

Beheko Tokiaren kasuan, Udalak akordio bat lortu zuen Karmen kaleko 15 zenbakian dagoen lokal baten jabeekin; Udalak errentaren hileko kuota ordaindu eta jabeek jubilatu-etxeari lagako diote lokala erabiltzen, eraberritze- eta egokitze-lanak egin ondoren.  Lagapen horrek aukera emango dio Beheko Tokiari leku gehiago izateko, eta, ondorioz, ohiko jarduerak edo beste batzuk egiteko.

Untzagako Zentro Sozialean arkupea ixteko obrak amaitzen ari dira, eraikinean txertatu eta espazio gehiago eduki ahal izateko. Beirazko fatxadan ate bikoitz bat egin da eraikinari sarbidea emateko. Obren bidez bi helburu lortuko dira: batetik, eraikinaren espazioa handitzea, eta, bestetik, lokalaren sarrera babestea.

Proiektuak beste jarduera osagarri batzuk ere jasotzen ditu, hala nola bi bulego eta harrera-gune bat egitea ataripea kenduta irabazitako espazioan; beheko solairuan atondo bat sortzea; lehen solairuko informatika-aretoaren rack-a modernizatzea; eta eraikinaren hainbat gunetako iturgintza, saneamendu, elektrizitate, argiteria eta telekomunikazioetako lanak egitea.