Eibarko Udalak Guatemalari 2.000 euroko laguntza humanitarioa bidali dio
Eibarko Udalak Eibar-Ermua Gurutze Gorriaren bidez, 2.000 euroko diru-laguntza bat bideratu du, Fuego sumendiaren erupzioaren ondorioz Guatemalak bizi duen egoerari laguntzeko; Fuego sumendia hiriburuaren hegoaldetik 40 kilometrotara dago, eta bereziki Chimaltenango, Sacatepéquez eta Escuintla zonaldeei eragin die kalte gehien. Herri horietan Hondamendi Egoera ezarri da.
Sumendiak milaka metro altuerako errauts lainoak bota ditu, eta horren eraginez, material piroplastikoa, laba eta errautsak epizentrotik 40 kilometrotaraino ere iritsi dira. Gurutze Gorriak egindako txosten baten arabera, ia bi milioi pertsonari eragin die sumendiak, eta 100 hildako baino gehiago izan dira, 300 zauritu eta milaka pertsona ebakuatu behar izan dituzte.
Gainera, hondamendiak premia handiak eragin ditu ur, saneamendu eta higienean; jendea nonbaiten babesteko beharra ere latza da. Horren haritik, Gurutze Gorriak larrialdiko dei bat egin, eta ehunka boluntario eta ekipo espezializatua eraman ditu bertara, lehen laguntzak eta laguntza psikosoziala emateko nagusiki.
Udalak Guatemalarako bideratu dituen larrialdiko diru-laguntzaren 2.000 euroak Gizarte Lankidetzaren Proiektuen “dohaintzak hondamendi naturaletarako" partidaren kontutik egingo dira. Udalak urtero gordetzen du bere aurrekontuetan partida ekonomiko bat kasu hauetarako, urtean zehar eta munduko edozein lekutan sortzen diren behar puntualei erantzuteko.
Iaz, Udalak lau kasutan eman zituen diru-laguntza humanitarioak. Martxoan, 2.000 euro bideratu ziren Perurako, izan zituzten hango uholdeak zirela-eta. Abuztuan, 3.000 bidali ziren, Sierra Leonak izandako uholde larriengatik. Irailean, 4.000 euro erabili ziren Kariben izandako lurrikararen ondorioak arintzen laguntzeko. Eta abenduan, 2.000 euro bidali ziren Filipinetara, “Tembilin” ekaitz tropikalak eragindako kalteei aurre egiteko.