Eibarko Udala
Gazteak Etxebizitzak Errenta Diru-laguntzak Emantzipazioa

Eibarko Udalak etxebizitzak errentan hartzeko diru-laguntzak emango ditu gazteak emantzipatzea errazte aldera

2016/06/01
Helburuetako beste bat da hutsik dauden titulartasun pribatuko etxebizitzak alokairu-merkatura ateratzea arrazoizko prezioan. 18 eta 35 urte bitarteko gazteak sartu ahal izango dira programan. Diru-laguntzak hileko 110 eta 275 euro bitartekoak izango dira, eskatzaileen diru-sarreren arabera.

Eibarko Udalak martxan jarri du gazteentzako diru-laguntzen programa, etxebizitzak errentan hartu ahal izan dezaten eta, horrela, emantzipatu ahal izan daitezen. Udalaren gobernu-taldeak azken hilabeteetan jardun du lanean ekimenaren gainean, eta hura dagoeneko gauzatu da: diru-laguntzen deialdia irekita dago, aurreko astelehenean, maiatzak 30, Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratuta.

Iazko abenduan udalbatzak hasierako onespena eman zien diru-laguntza hauek arautzen dituzten oinarriei, EH Bildurekin adostuak, talde politiko horrek 2015eko kontuei aurkeztutako zuzenketa baten ondorioa dira eta; jendaurreko informazioaldiaren ostean, eta aurkeztutako alegazioak aztertuta, behin betiko onartu dira orain.

Programaren azken helburua da, batetik, gaur egun hutsik dauden titulartasun pribatuko etxebizitzak alokairu-merkatura ateratzea arrazoizko prezioan, eta horrela dagozkien gizarte-funtzioak bete, eta, bestetik, behar diren egoerak sustatzea gure gazteei errazteko etxebizitza horiek izateko, eta, horrela, autonomia eta emantzipatzea lortzen laguntzeko.

Diru-laguntzak eskatzeko baldintzak eta zenbatekoa

Deialdian ezarrita daude diru-laguntzak eskatzeko baldintzak eta haien zenbatekoa, eskatzaileen diru-sarreren araberakoa izango dena. Lehenengo baldintzetako bat da 18 eta 35 urte bitartekoak izatea alokatutako etxean bizi diren elkarbizitzako unitateko adin nagusiko kide guztiak, eta gutxienez unitateko kideetako bat Eibarren erroldatuta egon izana azken 24 hilabeteetan etengabe.

Gainera, elkarbizitza-unitateko inork ez du izan behar lehen edo bigarren mailako ahaidetasunezko loturarik errentatzailearekin; ezin du izan bere jabetzako etxebizitzarik; eta elkarbizitza-unitateko kide guztiek izena emana izan behar dute, edo, izena emateko eskaera egina izan behar dute, Etxebide alokairua eskatzeko erregistro ofizialean.

Diru-laguntza hauek jaso ahal izateko, beste baldintzetako bat da elkarbizitza-unitatearen urteko diru sarrera gordinak 3.000 eurotik gorakoak izatea eta 25.000 eurotik beherakoak izatea, kide bakarreko elkarbizitza-unitateen kasuan, edo 39.000 eurotik beherakoak izatea, bi kideko edo gehiagoko unitateen kasuan. Elkarbizitza-unitateko kideetako inork ezin du jaso etxebizitzarako diru-laguntza osagarria, ezta antzeko beste diru-laguntzarik.

Alokatutako etxebizitzak Eibarren egin behar du; kontratua elkarbizitza-unitateko kide guztien izenean egongo da; alokairuaren errentak ezin dira izan hileko 550 euro baino handiagoak; kontratuaren iraupena urtebetekoa edo luzeagoa izango da; eta errentan hartutako etxebizitza ezin izango da sustapen publikoko babes ofizialekoa izan, ezta etxebizitza hutsak mobilizatzeko programei (Bizigune edo antzekoak).

Udalak emango duen diru-laguntzaren zenbatekoa tarte-sistema baten bidez ezartzen da, eskatzailearen urteko diru-sarrera gordinen arabera. Urtean 3.000 eta 9.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei, etxebizitzaren errentaren % 50eko diru-laguntza emango die Udalak; urtean 9.001 eta 18.000 euro bitarteko diru-sarrerak dituztenei, etxebizitzaren errentaren % 40koa; urtean 18.001 eta 25.000 euro bitarteko sarrerak dituztenei, % 30ekoa; eta urtean 25.001 eta 39.000 euro bitarteko sarrerak dituztenei, % 20koa emango die.

Eskabideak aurkezteko epeak

Programa martxan dago dagoeneko, eta ezarrita daude diru-laguntzarako eskabideak aurkezteko epeak. Programan sartu nahi dutenek 2017ko azaroaren 16a arteko epea daukate Pegoraren bulegoetan eskabideak aurkezteko. Diru-laguntza hauei buruzko argibide gehiago eskatzeko, edo horien oinarriak eskuratzeko, halaber, Pegora jo dezakete.

Diru-laguntzen programa hau egiteko, 70.000 euroko partida bana gorde du Udalak 2016ko eta 2017ko ekitaldietarako. Aurrekontuetako kreditu hori amaitu ondoren erantzun gabeko eskabiderik egongo balitz, handitu liteke partida hori.

Diru-laguntzak tramitatuko duen Arloaren arduradun politikoa den Ana Telleria Hirigintzako zinegotziaren berbetan, “gure helburua da Eibarko gazte guztiek albait gehien garatzea euren ahalmenak, eta horretarako neurri transbertsal guztiak bideratuko ditugu gazte guztiek lortu behar duten autonomia garatu dezaten, arreta berezia eskainita egoera ahulenean daudenei”.

Deialdiari buruzko informazio guztia eta eskabide-orriak eskuragarri daude www.eibar.eus udal webgunean, “Tramiteak eta zerbitzuak” ataleko “Bekak, diru-laguntzak eta laguntzak” blokean.