Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak eta Kutxa Ekoguneak "Etxeko Ura" kanpaina ipini dute abian

2016/10/20

Kanpainaren helburua da Gipuzkoako jatetxeetan beirazko ur pitxarren erabilera zabaltzea, plastikozko ur botilek sortzen duten inpaktua gutxituz. Datozen asteetan Eibarko jatetxe, hotel eta tabernei kanpainan parte hartzeko gonbita egingo zaie beren bezeroek etxetik kanpo iturriko ura edateko aukera izan dezaten. Dagoeneko, 12 establezimendu gehitu dira.

Eibarko Udalak eta Kutxa Ekoguneak ETXEKO URA kanpaina abian jarri dute ostalaritzan iturriko uraren erabilera bultzatzeko asmoz; izan ere, hainbat lurralde eta hiritan ostalaritzan iturriko ura eskaintzea oso ohitura normalizatua da. Euskal Herrian, berriz, pixkanaka zabaltzen ari da.

Ekimen honek helburu hirukoitza du: uraren kalitatea bistaratzea, plastikozko botilako ura kontsumitzeak sortzen duen inpaktua gutxitzea eta kontsumitzaileak kontsumo kontziente baterako bidean jarrera aldaketak barneratzea.

ETXEKO URA ekimenaren asmoa Gipuzkoako iturriko uraren kalitateari balioa ematea  da, eta, horretarako, datozen asteetan beirazko ur pitxar berrerabilgarriak banatuko dira kanpaina honetan parte hartzeko interesa azaldu duten ostalarien artean.

Modu horretan, ostalariek iturriko ura aprobetxatuz kalitate berbera eskainiko dute, baina aztarna ekologikorik gabe. Gainera, bezeroek etxetik kanpo uraren kontsumo ohiturak berritzea lortuko dugu kanpainak irauten duen denbora tartetik harago.

Kutxa Ekoguneak eta Eibarko Udalak eskerrak eman nahi dizkiete kanpainan parte hartzen hasiko diren establezimenduei, eta herritarrak eta bertako familiak animatu nahi dituzte taberna edo jatetxeetan iturriko ura eskatzera, bizitza kalitatean hobetu eta ingurumenaren hobekuntzan aurrera egiteko norbanakoaren konpromisoa ezinbestekoa baita.

Kanpaina zenbakitan

ETXEKO URA ekimenaren lehenengo fasea 2013an abian jarri zen, eta, oro har, kanpainak oso harrera ona izan du ostalarien artean. Guztira, 446 jatetxek eta tabernak bat egin dute Etxeko Ura kanpainarekin. Eibarren dagoeneko 12 establezimendutan Etxeko Ura eskaintzeko konpromezua hartu dute. Datozen hilabeteetan kanpainan parte hartzeko aukera zabalik mantenduko da. Guztira 200 pitxarratik gora banatuko dira herriko establezimenduetan. Kanpainan parte hartuko duten establezimenduak honako hauek dira: Eskarne, Orbe, Aguiñaspi, Bar Nuevo, Kontent, Batzokia, Ixua, Portalea, Albert eta Kultu jatetxeak, Azitain errretegia eta  Paulaner Bierhaus jatetxe zerbezeria.

Behin kanpaina abian jarrita, bezeroek jatetxeetako mahai gainean beirazko ur pitxarra topatuko dute, Gipuzkoako uraren kalitatea ona dela gogoraraziz eta iturriko litro bat ur eskatzera animatuz. Ura kontsumitzeko ohitura aldaketa honen ondorioz, bezeroek etxetik kanpo ura kontsumitzeko ohitura jasangarriagoa barneratuko dute. Etxeko Ura kanpainari esker, plastikozko 62.000 botila aurrezten dira hilean.

Udalak kudeatutako instalazioetan Etxeko Ura kanpainako pitxarren erabilera egingo du, kalitatezko produktua eskainiz baina aztarna jaitsiz.

Bestalde, azaroan irratian Etxeko Ura kanpainaren berri emango da, eta baita Grifoterapia humore tonuan sortutako herritarrei zuzendutako kanpaina ezagutarazi ere.

Amaitzeko, ETXEKO URA ekimenarekin bat egin nahi duten ostalariek beren atxikimendua adieraz dezakete www.ekogunea.eus webgunean edo 943-55 20 20 telefonora deituz.

Eibarko Udalak eta Kutxa Ekoguneak "Etxeko Ura" kanpaina ipini dute abian

Udal ordezkariak, ostalaria eta eta Kutxa Fundazioko kidea.