Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak eta Gureak eta Atzegik lankidetza hitzarmena sinatu dute desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzeko udalean

2017/10/18

'Pauso Berriak' programaren barruan kokatzen den zerbitzuak emateko akordioa da. Helburua da desgaitasuna duten pertsonak lan munduan sartzea. Hala, Eibarko Udala, Beasainekoarekin batera, antzeko akordio bat sinatu duen bigarren udala izan da Gipuzkoan.

Eibarko Udalak, Gureak eta Atzegi enpresekin batera, zerbitzuak emateko akordioa sinatu du udalean desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzeko. Helburua da desgaitasuna duten pertsonak lan mundura sartzea pixkanaka. Adostutako akordioa 2010ean martxan ipini zen 'Pauso Berriak' izeneko programaren barruan kokatzen da.

Gaur asteazkena, urriak 18, sinatu duten akordioan ondorengo pertsonak izan dira: Miguel de los Toyos Alkatea; Fran Navarro 'Pauso Berriak' (Atzegi-Gureak) proiektuaren arduraduna; Idoia Malkorra, Atzegi eta Gureatik; Nuria Ruiz, akordioaren protagonista; eta bere senitartekoak.

Miguel de los Toyos alkateak adierazi duenez "sinatutako akordioa aprobetxatu nahi dugu horrelako ekimenak gizarteari ikusarazteko. 2010. urtean Udalak trebakuntza-akordio bat sinatu zuen Down sindromea duten pertsonak gurekin lanean hasteko. Gure kasuan, udaletxeko atezaindegian pertsona berri bat hasi zen. Orain, Gureak enpresarekin dugun akordioa luzatu dugu eta Nuria gure artean izaten jarraituko dugu".

Modu horretan, "integrazio proiektu hori lan aukera bihurtu da desgaitasuna duten pertsonentzat eta beharrezkotzat jotzen dugu antzeko proiektuak sustatzen jarraitzea", gaineratu du alkateak.

Halaber, "errespetua, seriotasuna, puntualtasuna eta konpromisoa" bezalako balioak azpimarratu ditu alkateak Nuriari buruz hitz egiteko, gaur egun, udalean lanean ari den langilea. "Akordioa luzatu izana ez du esan nahi pertsona horri egin zaion oparia dela, baizik eta eman zaion aintzatespena dela, ondo merezitakoa" gehitu du.

Eibarko Udala, Beasainekoarekin batera, antzeko akordio bat sinatu duen bigarren udala izan da Gipuzkoan.

'Pauso Berriak' programa

Eibarko Udalak eta Gureak eta Atzegik sinatu duten akordioa gizarteratzeko eta lan munduan sartzeko etorkizunez betetako egitasmo itxaropentsu eta berritzaile baten barruan kokatzen da. Erakundeen laguntza eta adimen urritasuna duten pertsonen eta beren familien harrera beroa du eta enpresarien eta Gipuzkoako gizartearen konpromisoa bilatzen du.

Programaren helburua da adimen urritasuna duten pertsonak beren lan ibilbidean laguntzea, betiere komunitatearen parte diren enpresa, erakunde edo ageriko lanpostuetan, esaterako, ikastetxeak, museoak, egoitzetan, udaletxetan, bulegotan...

Eibarko Udalak eta Gureak eta Atzegik lankidetza hitzarmena sinatu dute desgaitasuna duen pertsona bat kontratatzeko udalean

Lankidetza hitzarmena azaltzeko egin den aurkezpena.