Eibarko Udalak eta Debegesak ekintzaileentzako HELDU! programaren laugarren edizioa abiarazi dute

Programaren helburua da hasierako fasean dagoen enpresa-ideia bat duten pertsonei laguntzea. Izen-emateak uztailaren 22ra arte egongo dira zabalik.
Eibarko Udalaren Ekonomia Garapen, Enplegu eta Berrikuntza Sailak eta Debegesa garapen-agentziak laugarren urtez jarraian antolatu dute HELDU! ekintzailetzako programa: udalerrian hasierako fasean dauden enpresa-ideiak testatzeko eta baliozkotzeko prestakuntza-, aholkularitza- eta laguntza-programa.
Irailetik abendura bitartean egingo da eta izena emateko epea uztailaren 22an amaituko (egun hori barne). Horretarako HELDU!-ren web-orrian dagoen inprimakia bete beharko da: https://heldueibar.debegesa.eus/heldu/
Prestakuntza praktikoa eta laguntza pertsonalizatua
Prestakuntza-ibilbideak laguntza pertsonalizatuko 130 ordu baino gehiago aurreikusten ditu. Besteak beste, prestakuntza tekniko espezializatua eskainiko da, banakako aholkularitza-saioak eta neurrira egindako tutoretzak. Prozesuan zehar, parte-hartzaileek enpresa-ekimen bat garatzeko funtsezko alderdiak jorratuko dituzte, hala nola negozio-ereduaren definizioa, haren baliozkotzea, hazkunde-estrategia, finantza-plangintza, marketin- eta salmenta-ekintzak, taldeen konfigurazioa eta lege-alderdien kudeaketa. Hori guztia profesional adituen laguntzarekin eta proiektuak benetan martxan jartzea errazteko diseinatutako metodologia bati jarraituz.
Programak —formatu praktikoa eta emaitzetara bideratua— irailean hasiko ditu lan-saioak eta hiru hilabete iraungo du. Aukera ezin hobea da beren ideia berritzailea gauzatu eta tokiko eragina duen proiektu bideragarri bat garatu nahi duten ekintzaileentzat.
Lehentasunezko arloak eta parte-hartzaileen eskura dauden baliabideak
HELDU! ideia berritzaile bat duen eta hura Eibarren garatu nahi duen edonori zuzenduta dago. Lehentasuna emango zaie sektore estrategikoekin lotutako proposamenei, esaterako, doitasun-ingeniaritzari, industriari lotutako zerbitzuei, 4.0 industriari, klima-aldaketari eta energia iraunkorrari edo kirolari aplikatutako teknologiei. Hala ere, programa udalerriko ingurune sozioekonomikoari balio erantsia ematen dioten beste esparru batzuei ere irekita dago.
Laguntza teknikoaz gain, funtsezko baliabide batzuk jartzen ditu parte-hartzaileen eskura, haien aurrerapena errazteko, besteak beste, berrikuntzarako tresnak eta metodologiak, garapen-lanerako instalazio egokietarako sarbidea, finantzaketa-aukera eta inbertitzaileekiko konexioa, ikusgarritasuna, networkinga eta kontrastea BPTDko parte diren enpresa eta erakundeekin.
Proiektuak hala eskatzen duen kasuetan, prozesuarekin jarraitzeko aukera ere aurreikusten da, EHUNDU programaren bidez (enpresa-proiektuaren inplementazioa zailtzen duten gai espezifikoak ebaztera bideratuta dago) eta MAKE IN programaren bidez (martxan dauden enpresak benetako merkatuarekin konektatzera bideratua).
Aurreko edizioetan finkatutako emaitzak
Martxan jarri zenetik, HELDU! programa tresna eraginkorra izan da udalerrian proiektu ekintzaileak garatzen laguntzeko. Aurreko edizioetan, ekimenak enpresa-proposamen berriak sustatzen lagundu du hainbat sektoretan (turismo aktiboan, kultura- eta sormen-industrietan, osasunean eta kirolean, industria-zerbitzuetan edo fabrikazio gehigarrian), tokiko berrikuntzarako eta ekintzailetzarako ingurune egokia sortuz.
Parte-hartzaileek oso positiboki baloratu dituzte bai programaren ikuspegi praktikoa, bai jasotako laguntza espezializatua, horrela HELDU! Eibarko ekosistema ekintzailearen erreferentzia gisa sendotuz.