Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak eta Armeria Eskolako Elkarteak Cruz Irasuegui bekak aurkeztu dituzte

Eibarko Udalak eta Armeria Eskolako Elkarteak Cruz Irasuegui bekak aurkeztu dituzte

Cruz Irasuegui bekak aurkezteko egin den prentsaurrekoaren irudia.

2018/12/10

Titulua lortu berri duten ikasleei zuzendutako internazionalizazio proiektua da hau eta 6 hilabetez atzerrian esperientzia profesionala bizitzeko aukera izan dute Guztira 30.000 euro zuzendu dira ekimen honetara. Kantitate honekin, enpresei ikasle hauek atzerrian izateak suposatzen dien kostuaren zati bati aurre egin nahi izan zaio.

Cruz Irasuegui beken aurkezpena hartu du gaur astelehena, abenduak 10, Eibarko Udalak; Irasuegui internazionalizazio proiektua Armeria Eskolan sortu da, bertako partaide diren enpresarien eskakizunei erantzuna emateko asmoz. Hasieratik, Eibarko Udala, SD Eibar Fundazioa eta La Caixa-ren kolaborazioa izan du, enpresei prozesu honetan lagunduko dien tresna izateko. Gaurko prentsaurrekoan izan dira, besteak beste, Alberto Albístegui Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza saileko zinegotzia, Natividad García Armeria Eskolako Ikasle Ohien Elkarteko ordezkaria, Mikel Larrañaga SD Eibar Fundazioko presidenteordea eta Josu Alkain Eibarko La Caixako zuzendaria.

Aipatutako bekak enpresei zuzenduriko diru-laguntzak dira eta horien helburua da titulua lortu berri duen ikaslearen kontratazioa erraztea. Era berean, atzerriko bizipen honekin, esperientzia profesionala lortzea eta hizkuntzen eta konpetentzien formakuntza osatzea lortu nahi da.

Merkatuan beste beka batzuk daude, baina IRASUEGUI bekak ezberdinak dira. Armeria Eskolako Elkartetik prozesu osoan zehar proiektuaren jarraipena egingo da, behar den guztian laguntza eta kudeaketa lanak eginez; diru laguntza kantitatea helmugako herrialdera egokituko da, Europa barruko edo kanpoko herrialdea aukeratu ahal izango delarik; enpresei maila akademiko ezberdina duten profilak eskaintzen zaizkio (erdi maila, goi maila edo unibertsitarioa); ez dago adin mugarik; lan kontratu bati lotuta dago; eta atzerrian lanean dagoen epe hori egokia bada, lanean jarraitzeko konpromisoa egongo da; beka hauen deialdia enpresen beharretara egokituko da eta azkenik, LH-ko profilentzako aukera gehiago eskaintzen ditu.

Proiektuaren helburuak honako hauek dira: atzerrian egonaldi bat eginez ikasle/langilearen jarrera eta hizkuntza konpetentziak bultzatzea; autonomia eta lidergo handiagoaz hornitzea; ikaslearen garapen profesionala lerrokatzea edota enpresetan nazioarteko ikuspegia duten lanpostuak betetzen laguntzea.

Ekimen honen lehenengo edizioa orain dela urtebete atera zen eta emaitza oso positiboa izan da. Bi enpresekin proba bat egin zen. Horietako bakoitzak ikasle bat hartu nahi zuen praktiketan ondoren gutxienez 6 hilabetez atzerrira lanera bidaltzeko eta formakuntzarekin jarraitzeko. Oraingo honetan, ikasleak EEBBetara joan dira, baina bekak munduko edozein lekutara joateko pentsatuta daude.

Bai enpresek bai ikasle/langileek esperientzia oso positiboa izan dela jakinarazi dute eta hori dela eta, IRASUEGUI beken 2. edizioa martxan jarriko da, proiektuak jarraitzeko bokazioa duelako. Proiektua, alde batetik, tituludun berri diren ikasleei eta euren formakuntza osatu nahi dutenei zuzendua dago, atzerrian esperientzia internazionala bizitzen duten aldi berean. Eta bestetik, gaitasun horiek dituzten ikasleak lortu nahi dituzten enpresei ere zuzenduta daude, euren erronka globaletan laguntza emango dien talentua lortuz.

Udaletxeko Garapen Ekonomiko, Enplegu eta Berrikuntza Sailetik eta Armeria Eskolako Elkartetik, 2019 urterako proiektuak definitzen ari dira enpresekin batera, ondoren ikasleen kaptazioa, enpresa eta ikasleen arteko lotura eta proiektuak dituen lan fase ezberdinen kudeaketan lagunduko da, ikaslea atzerrira irtengo den arte. Edizio berri honetarako 5 ikasleen parte hartzea aurreikusten da eta epe ertainean 10 parte hartzaile egotea nahi da.

etiketak: Cruz Irasuegui, bekak, Eibar