Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak eskertu egin du Armeria Eskolak hartutako konpromisoa COVID-19-arekin kutsatzeko arrisku handiena duten profesionalei babes-materiala emateko

Armeria Eskolako ordezkariak eta Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea.

Armeria Eskolako ordezkariak eta Miguel de los Toyos, Eibarko alkatea.

2020/05/12

Armeria Eskola, joan den martxotik, aurpegia babesteko maskarak egiten ari da, 3D inprimagailuak erabiliz. Eibarko Udalaren bidez, maskara horiek dohainik banatu dira behar gehien dituztenen artean: osasun-langileak, Udaltzaingoa, Etxez-Etxeko Laguntza Zerbitzuko langileak, tailerretako langileak, merkatariak eta ostalariak, besteak beste. Orain arte, aurpegia babesteko 430 maskara baino gehiago banatu dira.

Eibarko Udalak, gaur goizean egin den ekitaldi batean, eskerrak eman nahi izan dizkio Armeria Eskolari, Miguel de los Toyos alkatearen bitartez, egiten ari den ahalegin, konpromiso eta lan jarraituagatik, COVID-19aren ondoriozko osasun-krisi honetan.

Joan den martxotik, 3D inprimagailuak erabiliz, aurpegia babesteko ehunka maskara fabrikatu dituzte. Udalaren bidez, birus horrekin kutsatzeko arrisku handiagoa duten pertsonei helarazi zaizkie maskara horiek, beste pertsona batzuekin egunero duten harremana dela eta. Horrela, Armeria Eskolaren lanari esker, batez ere norbera babesteko ekipamenduen gabezi handiena egiaztatu den uneetan, osasun-maskara horiek eduki ahal izan dituzte, batez ere zaharren egoitzetakoak, udaltzainak, etxez etxeko laguntza-zerbitzuko langileak, hiriko hainbat tailerretako langileak, merkatariak eta ostalariak, besteak beste.

Ekitaldian, halaber, Armeria Eskolak aurpegia babesteko maskara horien sorta berri bat eman dio alkateari, deseskaladan eibartarren artean sortuko diren beharrei aurre egin ahal izateko.

Ildo horretan, Eibarko Udalak, pandemiaren hasieratik dendak ireki behar izan zituzten merkatariekin egin zuen bezala, gutun bat helarazi die ostalariei, taberna batzuk irekitzeko aukera ematen duen fase berri honetan babes-material hori izan dezaten. Idazkian zehazten den bezala, maskara horiek behar dituenak Udaltzaingoarekin jarri beharko du harremanetan, 943.70.84.24 telefono-zenbakiaren bidez, eta eskatu egin beharko ditu, datu pertsonalak eta establezimenduari buruzko informazioa zehaztuta.

Guztira, aurpegia babesteko 430 maskara baino gehiago entregatu dira orain arte, eta Udaltzaingoak hainbat establezimendutik iristen ari diren eskaera berri guztiak jasotzen jarraitzen du.

Horrelako ekimenei eta dohaintza publiko zein pribatuei esker, Eibarko Udala, dituen giza baliabideekin eta baliabide materialekin eta garatu dituen eta garatuko dituen ekimenekin batera, premien %100-a bete ezin  badezake ere, gutxienez COVID-19a Eibarren uzten ari den gizartearen eta ekonomiaren egoera arintzen ari da.