Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak eskainitako bonu kulturalen % 30 saldu dira abendutik hona

2016/01/14

Eskuratu daitezkeen 1.000 bonuetatik, orain arte 312 saldu dira. Guztiek ere, abantaila ugari eskaintzen dituzte sarrerak erosteko eta apirilera arte luzatuko diren zuzeneko ikuskizunez gozatzeko. Eibarko Udalak gogorarazi nahi du bonuak apirilera arte eskuratu eta gozatu daitezkeela. Hala, eibartar guztiak animatu nahi ditu bonuak erostera; izan ere, 25 euro ordainduta, 40 euroko balioa duten ikuskizunetara joan daiteke. Modu horretan, herritarrari aurrezteko aukera ere ematen zaio. Apirilera arte 30 antzerki eta musika ikuskizun baino gehiago programatu dira; horietako lau haurrei zuzenduta egongo dira.

2015eko abenduaren hasieran salgai jarri zirenetik, 312 bonu kultural saldu dira dagoeneko gure hirian. Hala, Eibarko Udalak eskainitako bonuen % 30 saldu dira. Helburua da Eibarko agenda kulturalean aurreikusita dauden zuzeneko ikuskizunez gozatzeko ematen den abantaila ekonomikoaz disfrutatzea.

Orain arte bonuak ondo saldu badira ere, Udalak gogorarazi nahi du apirilera arte eskuratu eta gozatu daitezkeela. Modu horretan, eibartar guztiak animatu nahi ditu bonuak erostera.

Bonu bakoitza 25 euroan dago salgai, baina benetako balioa 40 eurokoa da. Era horretan, ekitaldi gehiagoz gozatzeko abagunea ematen du. Erdeinagarria ez den aukera da aipatutakoa, batez ere, Antzerki Jardunaldien 39. edizioa hasteko hilabete bakarra falta denean. Urtero legez, zuzeneko ikuskizunen eskaintza zabala luzatuko zaie herritarrei.

Ezagunak diren artistak adin eta gustu ezberdinetako pertsonak ongi pasatzera animatuko dituzte otsailaren 15etik martxoaren 16ra bitartean, hala nola, Verónica Forqué antzezlea, “Buena gente” izeneko obrarekin, Faemino eta Cansado edota Yunke magoa. Aipatutako ikuskizunetarako, kultur bonuarekin, hainbat sarrera eskuratu ahal izango dira ikuskizun bakarrerako edota hainbaterako.

Hala, kultur bonua erabilita (25 €), lau sarrera eskuratu ahal izango dira, adibidez, Gospel Bilbao kontzerturako (sarrerak 10 euro balio du). Haurrentzako ikuskizunei dagokienez, - 5 euro balio dute-, ikuskizun bakarrerako edota hainbaterako 8 sarrera erosi ahal izango dira.

Urtarrilean zehar, bonu kulturala honako hauek ikusteko erabil daiteke: Letz Zep, tributo a Led Zeppelin kontzertua; Gospel Bilbao; “Taxi” (Josema Yuste eta Felisucorekin, besteak beste) edota “Amour” haurrentzako ikuskizuna.

Coliseo Antzokiaren zuzeneko ikuskizunak hasi baino ordubete lehenago eskura daitezke bonuak eta kutxatilategiko ordutegian: astelehenetan, 19:00etatik 20:00etara eta ostiraletan 21:00etatik 22:00etara.

Halaber, aipatzekoa da pertsona bat baino gehiago balia daitekeela kultur bonu batek eskaintzen dituen abantailez, 40 euroak agortu arte.

Gipuzkoako Foru Aldundiak ipini zuen martxan ekimena. Helburua da antzerki, dantza, kontzertu eta bestelako ikuskizunetara joateko aukerak erraztea hiritarrei eta ez geratzea horiez gozatu gabe arazo ekonomikoak direla-eta.