Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak "Eibarko Udalarekin euskaraz? Erregular!" kanpaina dendari eta tabernarien artean zabalduko du oraingoan

Eibarko Udalak "Eibarko Udalarekin euskaraz? Erregular!" kanpaina dendari eta tabernarien artean zabalduko du oraingoan

Kanpainaren irudia.

2017/01/25

Udazken hasieran, “Eibarko Udalarekin euskaraz? Erregular!” kanpaina egin zuen Udalak herritarrak euskara erabiltzera gonbidatzeko Udalarekin dituzten harremanetan.

Oraingoan kanpainaren helburu Euskaraz Primeran! kanpainan parte hartu duten dendariak eta tabernariak izango dira, eta aurrekoan bezala, Jose Antonio Azpilikueta eibartarrak egindako biñetarekin adieraziko zaie hartzaileei Eibarko Udala prestatuta dagoela zerbitzua euskaraz emateko eta hala nahi dutenek euskaraz egin ahal izango dituztela gestioak.

Eibarko denda eta tabernetara bidaliko da kanpaina azaltzen duen esku-orria. Biñetan Supermendikute eta Ebarista pertsonaia ezagunek oraingoan dendariak eta tabernariak gonbidatu nahi dituzte euskara erabiltzera Udalarekin dituzten harremanetan. Erantsita iman bat ere jasoko dute, hozkailuan jartzen diren horietakoa. Guztira, 400 txartel eta iman banatuko dira denda eta tabernetara.

Leloan erabili den Erregular berba oso esamolde erabilia izan da Eibarren eta hauxe esan nahi du: Bai horixe! Jakina! Geure-geurea den berba hori erabilita, gainera, astindu nahi da pixka bat bertako euskara: geure altxorra da eta denon ardura zaindu eta gordetzea.

Aspalditik zeukan Eibarko Udalak gogoa herritarrak udalarekin dituen hartu-emanetan euskaraz egitera gonbidatzeko kanpaina egitekoa; izan ere, udalean lan asko egin da orain dela 30 urte erabat gaztelaniaz funtzionatzen zuen erakundea euskaraz zerbitzua emateko moduan jartzeko. Horregatik, udazkenean abiatu zen kanpaina honen bitartez, jakinarazi nahi izan zaie eibartar guztiei euskaraz egiteko aukera dutela udaletxeko bulego edota zerbitzuetara jotzen dutenean.

Euskararen erabilera sustatzea da azken finean helburua, eta bide horretan lagungarri izateko Udalak hainbat bitarteko ditu, besteak beste, Euskararen Ordenantza eta “Eibarko Hiria. Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025”.

Tresnak tresna, aitortu nahi da Euskaraz Primeran! kanpainan parte hartutako dendari eta tabernariek euskararen erabileran duten garrantzia, eurak baitira harreman zuzena dutenak herritarrekin eta eragina izan dezaketenak euskara erabiltzeko ohituran.