Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko udalak, Eibarko Hospitalea jasotzeko behar den lursailaren azken ordainketa egin du

2012/03/16

Eusko Jaurlaritzak eraikuntza-proiektuaren lizitazioa kalera atera du eta hemendik denbora gutxi barru egingo da adjudikazioa. Aldi berean, Plan Funtzionala ere aurkeztu du. Udala hasi da Mendigureneko lursailen sailkapena aldatzeko tramiteak egiten. Hango lurraren kalitatearen azterlana kontratatzeko tramiteei ere ekin die

Dagoeneko udalarenak dira Mendiguren eta Zarrua fabrika zaharraren lursailak –Eusko Jaurlaritzak, azpiakutuen ospitalea jasotzeko erabiliko dituenak-, izan ere, Miguel de los Toyos alkateak gaur bertan ordaindu baitu, notario aurrean, orubea erosteko oraindik ordaintzeke zegoen bigarren zatia.  Ordainketa hori, beste pauso  berri bat da osasun zentro hori martxan jartzen denean amaituko den prozesu guzti honetan. Prozesu hori batera eraman dute Eibarko udalak eta Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak.

Prozesu konplexu horren barruan, Miguel de los Toyos alkateak baieztatu duenez, Osasun Saila, ospitalearen eraikuntza-proiektua egingo duen arkitekto-talde teknikoa kontratatzeko lizitazioa egiteko puntuan dago. Horrek, gerora etorriko diren tramiteetan aurrera egiten utziko du.

Udala bere aldetik, proiektu honetan egitea dagozkion gestioak egiten dabil.  Alde batetik, udala, Eibarko hirigintza planeamendua aldatzeko tramiteak egiten hasi da, Mendiguren tailer zaharrak okupatzen zuen orubearen sailkapena aldatzeko beharrezkoak direnak, eta hain zuzen ere industria-orube izatetik osasun ekipamendu izatera pasatu.  Tramitazio hori  joan zen astelehenean hasi zen, Eibarko Hirigintza Aholku Batzordeak egindako bilkuran.

Bestalde, Hirigintza sailari, ospitalea jasoko den lurzoruaren lurreko kalitatearen azterlana kontratatzeko tramiteak egiten hasteko agindua eman zaio.  Estudio edo azterlan horrek balio izango du Eusko Jaurlaritzak orubearen deskontaminazio-lana egin dezan, administrazio bien artean izenpetutako hitzarmenean jasota dagoen bezala.

Horrela garbi geratzen da administrazio biak, bai udala, bai Eusko Jaurlaritza, behar diren pausu guztiak ematen ari direla Azpiakutuen Eibarko ospitalea jasotzeko. Alde horretatik,Miguel de los Toyos alkateak esan du "talde politiko batzuk proiektu honi trabak eta oztopoak ipini nahi badizkiote ere, aurrera segitzen du eta laster errealitate izango da."

 

Plan Funtzionala

Proiektu honen inguruan beste aurrerapen handi bat egin du Eusko Jaurlaritzak: Eibarko Ospitalearen Plan Funtzionala, eskualdeko zerbitzu berri honen ezaugarri nagusiak batzen dituena.

Plan honek, hasieran, Euskal Autonomia Elkarteak duen egoeraren azterketa bat egiten du, eta horren arabera, 65 urtetik gorako bezeroen altak % 9,8an igo dira 2001. urtetik 2010. urtera bitartean; ospitaleratze-egonaldienak ere % 4,3ko igoera izan du.

Osakidetzak ondoko ospitale hauek ditu azpiakutuentzat: Gorliz, Bilbo, Donostia eta Leza (Araba). Osasun zentro horien berezitasunak hauexek dira: gaixo pluripatologikoen espezializazioa dutela, arreta oso planifikatua izaten dutela zirkuitu batean,  lehen mailako arretarekin eta egoitzekin txertatutako zirkuitua eta errekuperazio funtzionalean adituak izaten dituztela.

Hortik aurrera, Plan Funtzionalak hauxe diosku: Eibarko ospitaleak 25 udalerri hartuko dituela, guztira, 195.343 pertsona, horietatik 37.027 65 urtetik gorakoak. Beraz, ospitalea honek Debabarrena eta Debagoienako  udalerri guztiak eta Bizkaiko Durango aldea eta Lea Artibai hartuko ditu.

Torrekua eta Otaola artean jasoko den ospitaleak 82 ohe edukiko ditu; urtean zehar 3.150 kanpo-kontsulta egitea aurreikusten da; 20 leku izango ditu eguneko ospitale legez,  eta errehabilitaziotan 14.000 saio egingo dira.

Gelek lekua izango dute gaixoendako eta familiendako, etengabe. Instalazioak, gaixoak berak erregulatzeko modukoak izango dira; ohetik ohera bitartean manpara tolesgarriak jarriko dira, gaixoak ibili ahal izateko heldulekuak, komunak bereziki prestatuta egongo dira mugikortasun gutxi duten pertsonendako, eta altzariak eta dekorazioa ere bereziak izango dira, ez ospitalekoak.

Ospitale-arretarako gune bat egongo da Eguneko Ospitale gisa: 15 box balioanizdun izango ditu eta laguntzen dagoenarentzat ere lekua izango da. Beste 5 boxek ohedunak izango dira. Ospitale horrek kanpoko kontsultak  izango ditu alor hauetan: Kontsulta medikoak eta erizaintzakoak, sendaketa-gela eta froga funtzionalak egitekoa, minaren unitateko kontsulta, telemedizina gela bertaratzeke egiten diren  kontsultetarako eta gaixoen kontrol telematikoa; gaixoak eta senideak prestatzeko aretoa.

Errehabilitazio anbulatorioko gune bat ere izango du, patologia traumatologikorako eta ortopedikorako, arnasteko fisioterapia, mozketetarako errehabilitazioa, errehabilitazio neurologikoa, minbizia duten gaixoendako errehabilitazioa, erreta daudenendakoa, zoru pelbikoarena, logopedia eta terapia okupazionala.

Azpiakutuen Ospitalea aurrera pausu handia da eta asistentzia-laguntza ikaragarria era askotako gaixotasun kronikoak dituztenentzat, izan ere, gaixoendako eta haien senideendako helmena asko hobetzen baita, diseinu egokia duten instalazioak ditu, arreta-dispertsioa ekidin egiten da -hau da, espezialista askoren artean banatuta egiten dena-, horrelako gaixoekin dedikazio osoa duten profesionalen lana bideratzen du, errekuperazio funtzionalera zuzendutako zaintza egiten da, eta azken finean, bizi-kalitatea hobetzea du helburu.