Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Udalak Bidebarrieta kaleko etxeen artean dauden lorategiak goitik behera berriztu nahi ditu oinezkoen igarobidea egokitzeko asmoz

Udalak Bidebarrieta kaleko etxeen artean dauden lorategiak goitik behera berriztu nahi ditu oinezkoen igarobidea egokitzeko asmoz

Bidebarrietako etxeen artean dauden lorategiak

2015/10/07

Pegoretarako bideak konpontzea, zoladura berriztatzea, euri-ura batzeko eta saneamendurako sare berri bat egitea, LED motako luminariak ipintzea eta lorezaintza lanak egitea. Horiexek dira han egingo diren lanak. Obra horiek 572.591,54 euroan atera dira lizitaziora (BEZa barne) eta hiru hilabetean egingo. Horrela, Eibarko Udalak konponbidea ematen dio Bidebarrietako bizilagunek alde hura hobetzeko egindako eskabideari.

Berrurbanizatze lan benetan handia egin nahi du Eibarko Udalak Bidebarrietako etxeen artean dauden lorategietan inguru hartako bizilagunek alde hura konpontzeko helarazi duten eskabideari soluzio bat emateko asmoz eta, horrela, oinezkoen igarobidea egokituz.

Obrak egingo dira Eibarko kale ezagun horretako 3tik 21era zenbakiko eraikinen tartean dauden hiru alde jardindu haietan, hango pegoren irisgarritsuna hobetzeko, hango etxeetara ematen duten bidexken zoladura berriztatzeko egin ere. Halatan, zoladura berriztatzean euri-ura batzeko sare berri bat egiteko aukera egongo da, baita saneamendu-sarea berria jartzeko aukera ere.

Espaloi zaharkituak berriztatu egingo dira; lauzak ordeztu. Gaur egun handik zehar oinez dabilenari traba egiten dioten desnibelak kendu egingo zaizkio.  Gainera, euria egiten duenean ur-putzuak  egiten dira alde hartako erdiko zorua hareduna delako, denboraren joanak lurzoruaren asentua eta ur-hustubideen desnibela ekarri baitu.

Etxe osteko fatxaden alboan dauden espaloietako harmaila guztiak kendu egingo dira, baita pegoretara ematen dutenak ere. Harmailen ordez arrapalak jarriko dira, oinez dabilenari gauza erraztearrean.

Orain arte esandako obra guzti horiek aurretik adostu dira bertako bizilagunekin, eta lan horiexek dira Bidebarrietako lorategien eraberritze guztizkoaren obrarik garrantzitsuenak.  Hango bizilagunak eurak izan ziren  zituzten premiei modurik onenean egokitzen zen proiektua aukeratu zutenak Eibarko Udalak joan zen urtean martxan jarri zuen parte-hartze prozesu hartan.  Horrela, Udalak nahi duena zera izan da: proiektu edo aukerarik egokiena hautatzeko orduan proiektuaren hartzaile nagusiak eurak izatea  prozesuaren eragile eta bultzatzaile.

Bestalde, zonaldeko argiteria ere hobetuko da, gaur egun han dauden luminarien ordez beste batzuk jarrita, LED argi-igorledunak. Horrela, argitasunaren kalitatea hobetzeaz gain energian eta kontsumoan aurreztu egingo da.

Azkenik, lorategiak saneatu egingo dira han dagoen lurra erretiratuta, lur-geruza berria botata eta landare berriak sartuta. Ureztatze-sistema ere hobetu egingo da.  Hiri-altzarietako hobekuntzekin osatuko da proiektua: lehendik daudenak ordeztu eta paperontzi berri bi jarriko dira; baita eskudelak eta iturri bi ere. Berriak izango dira baita han jarriko diren 15 eserlekuak.

Eskaintzak aurkezteko epea urriaren 27rarte

Eibarko Udalak proiektu hau lizitaziora atera du 572.591,54 €ko aurrekontu batekin (BEZa barne) lana egiteko hiru hilabete emanez. Obra hori egin nahi duten enpresek hil honen 27ra arteko epea dute eskaintzak aurkezteko Pegoran, Herritarren zerbitzurako bulegoan. Enkantean parte hartzeko interesa duten enpresek Eibarko Udalaren webguneko Kontratatzailearen Profila atalean eskura dituzte baldintza administratiboen orriak eta proiektua eta beharrezko dokumentazio guztia.

Udalak proiektuaren lizitaziorako ezarri duen zenbatekoa PSE-EE taldeak  Eusko Jaurlaritzarekin aurtengo aurrekontuei begira adostu zuen akordioan oinarritzen da, Eibarko PSE-EE taldeak 2.501.000 euro lortu baitzituen hiri honetan inbertitzeko.