Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Eibarko Udalak aho batez aldarrikatzen du nazioarteko immigrazio-politika bateratu bat, giza eta asilo-eskubideak zorrotz beteko dituena

2016/06/28

Bozeramaileen Batzordeak onartutako adierazpen instituzionalak gaitzetsi egiten du, halaber, errefuxiatuen inguruko Europar Batasunaren eta Turkiaren arteko akordio “lotsagarria”, eta babesa ematen dio “Pasabide Segurua” manifestuari.

Eibarko Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, talde guztiek hala adostuta, onartu egin du adierazpen instituzional bat egitea EB-Turkia arteko akordio lotsagarria erabat gaitzesteko eta salatzeko. Akordioak urratu egiten ditu giza eskubideen arloko eta migratzaile eta errefuxiatuen defentsarako hainbat araudi, eta, alde horretatik, akordioa indargabetzeko eskatzen dio Europar Batasunari.  

Eusko Jaurlaritzak udalei igorritako proposamen batean du oinarri adierazpenak. Mozioan, era berean, nazioarteko immigrazio-politika bateratua aldarrikatzen da, “giza eta asilo eskubideak zorrotz beteko dituena”, eta guztiz arbuiatzen da errefuxiatuen eremuetan egindako atxiloketak eta Batasuneko hainbat estatuk mugak itxi izana. 

Udal ordezkaritza duten talde guztiek adostutako adierazpenak, bestalde, bat egiten du “Pasabide Segurua” manifestuarekin, eta Europar Batasunari eta estatu kideei eskatzen die giza pasabideak sor ditzatela, migratzaileak eta errefuxiatuak Europara iristea ahalbidetzeko. Era berean, Espainiako Gobernuari exijitu egiten dio 15.000 pertsona hartzeko konpromisoa, eta asilo-eskubidearen unibertsaltasuna gogorarazten dio.

Azkenik, Eusko Jaurlaritzari dei egiten dio inplikatutako erakunde guztiekin lan egiteko, Euskadira iristen diren errefuxiatuek beharrezko diren zerbitzu eta baliabide publikoak izan ditzaten; halaber, aitortu eta eskertu nahi du Gobernuz Kanpoko Erakundeek eta gizarte zibilak errefuxiatuen eskubideen defentsan egindako lana, baiherri mailan bai errefuxiatu-eremuetan.